Liga
Sevillak Montella kargugabetu du eta Caparros da entrenatzaile berria
Erredakzioa
Klubak erabakia hartu du taldearen bolada txarraren eraginez. Martxoaren 13an lortu zuen Sevillak bere azken garaipena.
Sevillak Vincenzo Montella entrenatzailea kargugabetu du larunbat honetan. Andaluziako taldeak galdu egin zuen Levanteren aurka ostiralean eta ez du garaipenik lortu martxoaren 13an Mancester Unitedi Old Trafforden irabazi zionetik. Sevillak jakinarazi du Joaquin Caparrosek zuzenduko duela lehen taldea denboraldi amaierara arte.
Montellak 2017a amaitzear zegoenean hartu zuen Sevilla zuzentzeko ardura eta Cadizen aurka egin zuen debuta Errege Kopan. Italiarrak 28 partida zuzendu dizkio Sevillari eta 11 garaipen, 7 berdinketa eta 10 porrot lortu ditu. Sevilla Kopako finalera sailkatu zuen, baina finala 0-5 galdu zuen Bartzelonaren aurka. Andaluziako taldea Txapeldunen Ligako final-laurdenetara sailkatu zen, baina Bayern Munichek kanporatu zuen eta Ligan 19 puntu lortu ditu 16 jardunalditan Montellarekin.
Entrenatzaile italiarra igandean agurtuko da agerraldi publiko baten bitartez.