Itxi

Erabakia

Asier Garitanok ez du Leganes zuzentzen jarraituko

Erredakzioa

Euskal entrenatzaileak Madrileko taldean ez jarraitzea erabaki du, eta denboraldi amaieran utziko du kargua. Taldea Bigarren B Mailan hartu zuen, eta Lehen Mailan utzi du.

Asier Garitano. Argazkia: EiTB

Asier Garitanok ez du Leganes zuzentzen jarraituko datorren denboralditik aurrera. Hala jakinarazi du Leganesek astearte honetan, bere kanal ofizialetan publikatu duen komunikatu baten bitartez.

Garitano duela bost denboraldi iritsi zen Leganesera, taldea Bigarren B Mailan zegoenean. Gipuzkoarrak taldea Lehen Mailara igotzea lortu du, eta Espainiako futbolaren maila gorenean mantentzea ere lortu du. Gainera, denboraldi honetan, salbazioa lortzeaz gain, Errege Kopako finalerdietara eraman du Leganes.

Leganesek honakoa adierazi du komunikatu ofizialean: "Asier Garitano Leganeseko entrenatzaileak klubari jakinarzi dio ez duela lehen taldea zuzentzen jarraituko datorren denboraldian. Duela bost denboraldi hasi zen Leganes zuzentzen, taldea Bigarren B Mailan zegoenean. Ordutik, taldea Bigarren Mailara igotzea lortu du, Lehen Mailara igotzea ere, eta taldea Errege Kopako finalerdietara eraman du azken denboraldi honetan. Kirol-ibilbide bikaina izan du, baina batez ere, bere izateko era, baloreak, klubean eta hirian integratu izana eskertzen diogu". Horrez gain, Leganesek gogoratu du, "Asier Garitano hiriko seme adoptiboa izandatu zuen Leganeseko Udalak eta ezabatu ezin daitekeen oroitzapena utzi du".

Garitanok 220 partida ofizial zuzendu dizkio Leganesi Ligako, Kopako eta Bigarren Mailara igotzeko playoffen artean. 220 partida horietatik, 86 garaipenarekin amaitu dira, 59 berdinduta eta 75 porrotarekin.

Asteazken honetan, 12;00etan, prentsaurrekoa eskainiko du Asier Garitanok Butarqueko estadioan.


Albisteak (1)