37 urterekin
Roberto Fabian Ayalak agur esango dio futbolari
Erredakzioa
'Arratoi' ezizenaz ezaguna izan den jokalariak Zaragoza, Valentzia, Milan, River Plate eta Racing Club taldeetan jokatu du besteak beste. Argentinako selekzioan ere jokatu du.
Roberto Ayala 37 urteko futbol jokalariak agur esan dio futbolari, hau da, erretiratzea erabaki du. Espainiako Ligan eta Argentinako selekzioan hainbat partida jokatu ditu. Argentinako Racing Cluben ari da eta kontratua bukatzen zaioenean ez du berrituko.
''Arratoi'' ezizenaz ezaguna izan da eta 115 partida ofizial jokatu zituen Argentinako selekzioarekin 1994. eta 2007. urteen artean. Atenasen 2004. urtean urrezko domina lortu zuen Olinpiar Jokoetan. Hiru Munduko Kopa jokatu ditu Argentinarekin: Frantzia 1998, Korea eta Japonia 2002 eta Alemania 2006. Zanettiren ondotik Argentinarekin partida gehien jokatu dituen bigarren jokalaria da.
Ferro Carril Oeste taldean egin zuen debuta 1992an. Bi urte beranduago River Platera joan zen eta ondoren Napolesera joan zen. Talde Italiarra izan zen Ayalaren Europako lehen taldea. 1998an Milanek fitxatu zuen eta ondoren Valentzian zazpi urte eman zituen. Valentziarekin 2002ko eta 2004ko Espainiako Ligak irabazi zituen eta azken urte horretan UEFA eta Europako Superkopa ere irabazi zituen. 2007an Vila-realek fitxatu zuen, baina utzita joan zen Zaragozara. Bertan hiru urte eman zituen. Bigarren Mailara jaitsiera eta Lehen Mailarako igoera bizi izan zituen Zaragozan. Ondoren Argentinara itzuli zen.