15 urterako akordioa
Ligako partida bat jokatuko da Amerikako Estatu Batuetan, urtero
Erredakzioa
LaLiga eta Relevent multinazionalak akordioa itxi dute, 15 urterako. Ondorioz, AEBetan Ligako neurketa bat jokatuko da, denboraldi honetatik aurrera.
Espainiako Ligako partida ofizial bat jokatuko da Amerikako Estatu Batuetan, urtero, denboraldi honetatik (2018-2019) aurrera. Ligak eta Relevent multinazionalak itxi duten akordioa 15 urtekoa da, eta, helburua da futbola bultzatzea AEBetan eta Kanadan.
'LaLiga North America' sortu dute akordioaren eraginez eta "denboraldi ofizialeko partida bat Amerikako Estatu Batuetan jokatzea" du jomuga. Lehen aldiz jokatuko da Ligako partida bat Europatik kanpo.
"Akordio iraultzaile honek, zalantzarik gabe, bultzada handia emango dio kirol honi Amerikako Estatu Batuetan eta Kanadan", adierazi du Javier Tebas Espainiako Futbol Liga Profesionaleko presidenteak.
'El Pais' egunkariak aurreratu duenez, AEBetan jokatuko den partidak, Real Madril edo Bartzelona izango du protagonista. Datak konkretatu gabe daude, eta ikusteke dago bere zelaian jokatzen duen taldeak kalte-ordainen bat jasoko duen.