Itxi

Eusko Legebiltzarra

Futbol-zelaietan tabakoaren kontsumoa mugatzeko aukera

Erredakzioa

Estatukoa baino zertxobait gogorragoa izango da Tabakoaren Kontrako Euskal Legea. Legearen kontrola Administrazioko ikuskatzaileen esku geratuko da.

Tabakoaren Kontrako Euskal Legea onartu du gaur Eusko Legebiltzarrak ia aho batez, UpyD izan baita alde agertu ez den bakarra. Berritasun nagusia kirol eraikin irekietan erretzea mugatzeko aukera irekitzen duela izango da.

Talde parlamentarioek ez dute proiektuaren osoko zuzenketarik babestu, baina zuzenketa partzial asko sartu dituzte testuan. Hori dela eta, talde parlamentario guztiek Legearen aldeko botoa eman dute, UPyDk izan ezik.

Kirol eraikinetan erretzeko mugak

Estatuko legearen aldean, EAEkoak baditu berezitasun batzuk. Eusko Jaurlaritzak erretzeko debekuak eragindako kalte ekonomikoak arintzeko neurriak hartuko ditu. Urtebete barru ikerketa ofiziala egingo du Jaurlaritzak legeak ostalaritza sektorean izan duen eragin ekonomikoari buruz.

Estatuko araudia argia da eta erretzea debekatzen du kirol eraikinetan edo ikuskizun publikoak egiten diren lekuetan "irekiak ez badira", beraz, irekiak diren lekuetan erre daiteke. Euskal legeak, aldiz, erretzea debekatzen du "bereziki" adingabeei zuzendutako ikuskizunetan.

Horrek hainbat interpretaziorako ateak irekitzen ditu. Eusko Jaurlaritzak dio Anoetan, edo beste estadio ireki batean, futbol partidua ikustera joaten den erretzaileak zigarroak kontsumitzeko aukera izango duela orain arte bezalaxe, baina estadioaren kudeatzaileek erretzaileentzako eta ez-erretzaileentzako guneak ezartzeko aukera izango du.

Tabakismoaren kontrako osasun-programak

Estatuko legearekiko daukan beste aldeetakoa ondorengoa da: tabakismoaren kontrako borrokan osasun publikoak inplikazioa izatea defendatzen duela. Beraz, eta PPren proposamenari jarraiki, Osasun Sailak sustatuko duen xedapen gehigarri baten bidez zehaztuko du "osasun-sarean eta, bereziki, lehen mailako arretan, tabakoarekiko mendekotasuna gainditzeko osasun-programak gauzatzea" eta "tabakoarekiko mendekotasuna gainditzeko tratamenduak jasotzeko" erraztasunak bultzatzea.

Elkarteen esku dago erabakia

Bestalde, eta Nafarroan gertatzen ez den bezala, legeak ez du arautuko elkarte gastronomikoetako kontsumoa eta bertako kideek finkatu beharko dute estatutuetan elkarteen barruan tabakoa kontsumitzeko debekua edo baimena.

Legea betetzen dela kontrolatzea

Erretzeko debekua daukaten espazioetan legea betetzen dela kontrolatzea Eusko Jaurlaritzako ikuskatzaileei dagokie eta ez, ordea, Ertzaintzari eta Udaltzaingoari.

Albisteak (1)