Real Madrileko bat ere ez
Barçako eta Athleticeko jokalariak, nagusi 21 urtez azpiko selekzioan
Andoni Beldarrain
Erredakzioa
Luis Milla hautatzaileak Barçako lau jokalari eta talde bizkaitarreko beste hiru deitu ditu Danimarkaren aurkako partida jokatzeko. Real Madrileko jokalari bat bera ere ez da deialdi honetan sartu.
FC Bartzelona eta Athletic Club dira Espainiako 21 urtez azpiko selekzioari jokalari gehien ematen dizkioten taldeak. Luis Milla hautatzaileak lau jokalari deitu ditu Bartzelona taldetik Danimarkaren aurka jokatzeko: Martin Montoya (defentsa), Andreu Fontas (defentsa), Thiago Alcantara (erdilaria) eta Bojan Krkic (aurrelaria). Athleticetik beste hiru jokalari sartu dira deialdian: Mikel San Jose (defentsa), Javi Martinez (erdilaria) eta Iker Muniain (erdilaria). San Josek kontzentrazioa laga behar izan du min harturik zegoelako.
Harrigarria da Real Madrileko jokalari bat bera ere ez egotea 21 urtez azpiko selekzioan. Canales deialdietan sartu izan da orain arte, baina Real Madrilen ez duenez ia jokatzen Millak beste jokalari batzuk deitzea erabaki du.
Vila-realeko, Atletico Madrileko eta Deportivoko bina jokalari ere sartu dira deialdian. Casteloko taldetik Diego Mariño atezaina eta Mario Gaspar defentsa joango dira. Atletico Madriletik David de Gea atezaina eta Alvaro Dominguez defentsa eta Deportivotik Ruben Perez del Marmol erdilaria eta Adrian Lopez aurrelaria.
Espanyolek ere bi jokalari joaten ziren 21 urtez azpiko selekziora, baina neguko merkatuan saldu egin zituen. Jokalari horiek Victor Ruiz eta Didac Vila ziren. Biak deialdian sartu dira orain ere, baina lehena Napoliko jokalaria da eta bigarrena AC Milanekoa.
Sevilla (Diego Capel), Sporting (Alberto Tomas Botia), Getafe (Alberto Parejo) eta Mallorca (Emilio Nsue) dira selekzio honi jokalari bana ematen dioten beste taldeak.