Football Leaks
PSG eta City modu bidegabean finantza zitezela utzi zuen UEFAk
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Klub biek joko garbi finantzarioa saihestu zuten Gianni Infantinoren laguntzarekin. Hala eman du argitara 'Der Spiegel' egunkari alemaniarrak, Football Leaks-en informazioetan oinarrituta.
Gianni Infantino egungo FIFAko presidenteak, aurretik UEFAko idazkari nagusia izandakoak, Manchester City eta Paris Saint-Germain taldeei lagundu zien joko garbi finantzarioa bete ez zezaten. Hala eman du jakitera ostiral honetan Der Spiegel egunkari alemaniarrak, Football Leaksen informazioak aintzat hartuta.
Aipatu egunkariak bere edizio digitalean plazaratu duenaren arabera, Infantinok behin eta berriz hautsi zuen finantza-araudia, PSGk eta Cityk euren gastu-mugatik haratago jokalariak erosten jarrai ahal izan zezaten.
Informazio horretan jasotzen denez, talde biek 2.700 eta 1.800 milioi euro jaso zituzten, hurrenez hurren, "iruzur eginez", euren aurrekontuak handiagotu eta jokalari hobeak ordaindu ahal izateko.
Hori egiteko, erakunde publikoetako (Qatarko Turismo Bulegoa, kasu) "gezurrezko babes-kontratuak" erabili zituzten.
UEFAk ezarritako joko garbiaren araudiak debekatu egiten du estrategia hori erabiltzea; alabaina, argitaratutakoaren arabera, Michel Platini eta Gianni Infantino UEFAko presidente ohiek estali egin zuten aipatu bi talde horiek legez kanpoko jardunbide horretaz baliatzen ari zirela.