Itxi

Ez du aldaketa onartu

Kepa, asteburuko protagonista Sarri entrenatzailearekin izan duen liskarragatik

Erredakzioa

Leer en Castellano

Chelseako euskal atezainak uko egin dio aldatua izateari Manchester Cityren aurka jokatutako Ligako Kopako finalean. Maurizio Sarri entrenatzailearen aginduari ezezkoa eman dio.

Kepa Arrizabalaga, Carabao Cupeko finalean. Argazkia: EFE

Chelseak eta Manchester Cityk igandean jokatutako Carabao Cup (Ligako Kopa) txapelketako finalean, Kepa Arrizabalaga bizkaitarra izan da protagonista nagusietako bat. Manchester Cityk irabazi du finala, baina Kepak liskarra izan du Maurizio Sarri Chelseako entrenatzailearekin.

Ondarroako atezainak min hartu du partidaren luzapenean, Sergio Agueroren erremate bat desbideratu ostean. Medikuak zelaira irten dira, eta Sarri entrenatzaileak aldaketa egiteko agindu du. Willy Caballero ordezko atezaina zelairatzeko prest zegoen. Kepak, keinuka, aldaketa eteteko eskatu dio entrenatzaileari, ondo zegoela adieraziz. Maurizio Sarrik, ordea, aldaketa egin behar zela esan du, baina Kepak ez du zelaitik irten nahi izan. Entrenatzaile italiarra haserretu egin da, eta Wembleytik alde egitetik gertu egon da. Partidak aurrera jarraitu du, eta penalti jaurtiketen txandan erabaki da titulua.

Kepa Arrizabalagak ezin izan du Gundoganen jaurtiketa gelditu. Aguerorena ukitu egin du, baina ezin izan du desbideratu. Ondoren, gelditu egin du Sanek jaurtitako penaltia. Chelseako jokalariak diren Jorginhok eta David Luizek, ordea, huts egin dute. Bernardo Silvak eta Rahim Sterlingek Kepa Arrizabalaga gainditu dute azken bi penaltietan, eta titulua Manchester Cityk lortu du.

Partida amaitu ostean egindako elkarrizketa batean, Callum Hudson-Odoi Chelseako jokalariak Kepa Arrizabalaga defendatu du. "Keparen alde nago kontu honetan. Ez dut uste atezaina aldatu beharra zegoenik. Partida osoa jokatu du, eta bere konfiantza handia zen. Ez zait gustatzen atezainak aldatzea penalti jaurtiketen txanda baten aurretik", adierazi du jokalari ingelesak.

Albisteak (3)