38. JARDUNALDIA
Ligako azken jardunaldiko ordutegiak 20:00etara atzeratu dira
Erredakzioa
Hasiera batean, neurketak 18:30ean ziren jokatzekoak, baina Emakumezkoen Txapeldunen Ligako finalarekin bat egiten dutenez (18:00), atzeratzea erabaki ditu Ligak.
Ligak 38. jardunaldiko partiden ordutegiak aldatzea deliberatu du. Hasiera batean, neurketa guztiak maiatzaren 18an ziren jokatzekoak, 18:30etik aurrera; alabaina, neurketak ordu eta erdi atzeratzea erabaki du, Bartzelonaren eta Olympique Lyonen arteko Emakumezkoen Txapeldunen Ligako finalarekin bat egin ez dezaten (18:00).
Horrenbestez, norgehiagoka guztiak 20:00etan hasiko dira.
Ligako azken jardunaldi horretan Alavesek Girona izango du aurkari Mendizorrotzan, Realak Espanyoli egingo dio bisita, Athleticek Sevillaren aurka jokatu beharko du Sanchez Pizjuanen eta Eibarrek Bartzelona txapelduna hartuko du Ipuruan.
Ordutegiak aldatzeko aukera
Dena den, Txapeldunen Ligarako edo Europa Ligarako sailkapenak jokoan izango ez duten partiden datak eta ordutegiak aldaketak izan ditzakete, baita jaitsiera jokoan ez dutenek ere.