Itxi

2019ko Munduko Kopa

Hiru faboritoek garaipena lortu dute Munduko Kopako hirugarren egunean

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Italia, Brasil eta Ingalaterrak garaipena lortu dute 2019ko Munduko Kopako hirugarren egunean. Horrenbestez, ez da ezustekorik izan igandeko jardunaldian.

Italiako selekzioak Bonanseak 90+5. minutuan lortutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

2019ko Munduko Koparen hirugarren egunean, Italia (1-2), Brasil (3-0) eta Ingalaterra (2-1) izan dira garaile.

Italiako selekzioak emaitza estu batekin irabazi dio Australiari (1-2), futbolez beteriko igande arratsaldeari hasiera emanez.

Sam Kerr australiarrak egin du lehenengo gola, 22. minutuan, penalti jaurtiketa batean huts egin eta aldaratutako baloia ate barrura sartuta. Ondoren, 56. minutuan, Bonanseak partida berdindu egin du, eta 95. minutuan lortu du garaipenaren gola ¿ere.

Brasilek aise irabazi dio Jamaikari, Cristianek lortutako hiru golekin (3-0), Marta jokalaria hasierako hamaikakotik kanpo izan arren, lesionatuta baitago.

Brasilgo selekzioak kontrolpean izan du partida hasiera-hasieratik, eta aukerarik gabe utzi du Jamaika.

Brasildarrak goiz jarri dira aurretik markagailuan, Cristianek 15. minutuan buruz lortutako golaren bitartez. Jamaikarrak markagailua berdintzen saiatu dira, baina Brasilek partida erabat itxita utzi du Cristianek bi gol gehiago sartu dituenean.

Azkenik, Erresuma Batuko bi selekzioen arteko partidan, Ingalaterra eta Eskoziaren artekoan, ingelesak izan dira garaile (2-1).

Nikita Parris (14. minutuan, penaltiz) eta Ellen White (40. minutuan) jokalariek jarri dute markagailuan aurretik Phil Nevilleren taldea. Claire Emsliek sartu du eskoziarren lehenengo eta partidako azken gola, 79. minutuan.

Horrenbestez, igandean jokatu diren partidetan, faboritoak nagusitu dira, eta, beraz, ez da ezustekorik izan 2019ko Frantziako Munduko Kopan.

Albisteak (5)