Deportivori irabazita (3-0)
Mallorcak Lehen Mailara igotzea lortu du
Erredakzioa
Baleareetako taldeak 3-0eko emaitzarekin irabazi dio Deportivori, eta joaneko partidako aurkako 2-0ekoa irauli du. Ondorioz, Mallorcak Santander Ligan jokatuko du datorren denboraldian.
Mallorca Lehen Mailako taldea da, Deportivoren aurkako kanporaketa irabazi ostean. Baleareetako taldeak 3-0eko emaitzarekin irabazi du igoera faseko azken kanporaketako itzuliko partida, eta irauli egin du joaneko neurketatik zekarren aurkako 2-0eko emaitza.
Lehen zatian jaun eta jabe izan da Mallorca, eta etxeko taldearen nagusitasunak saria jaso du Ante Budimirrek sartutako golari esker (1-0). Gol bateko abantailarekin iritsi da Mallorca atsedenaldira, nahiz eta abagune ugari izan dituen.
Bigarren zatian ere nagusi izan da Mallorca, eta kanporaketa berdindu du 63. minutuan, Salva Sevillak sartutako golarekin (2-0). Partida amaitzeko zortzi minutu falta zirenean, Abdon Pratsek 3-0ekoa sartu du, eta kanporaketa Mallorcaren alde jarri du. Norgehiagokako azken jokaldian, ordea, Deportivok abagune oso argia izan du, baina Pablo Mariren errematea kanpora joan da oso gutxigatik.
Fitxa teknikoa:
3 - Mallorca: Reina; Joan Sastre (Xisco Campos, 87. min), Valjent, Raíllo, Estupiñán; Aridai (Abdon Prats, 52. min), Baba, Salva Sevilla, Dani Rodriguez; Lago Junior eta Budimir.
0 - Deportivo: Dani Gimenez; Eneko Boveda, Domingo Duarte, Pablo Mari, Saul; Vicente Gomez; Pedro Sanchez, Edu Exposito, Matías Nahuel (Carlos Fernandez, 29. min); Quique eta Borja Valle (Fede Cartabia, 79. min)
Golak: 1-0, 20. min: Budimir; 2-0, 61. min: Salva Sevilla; 3-0, 81. min: Abdon Prats.
Epailea: Pizarro Gomez. Txartel horiak atera dizkie Joan Sastre eta Salva Sevilla Mallorcako jokalariei, baita Duarte eta Borja Valle Deportivoko jokalariei.