Munduko Kopa 2019
Herbehereek jokatuko dute Munduko Kopako finala, Estatu Batuen aurka
Agentziak | Erredakzioa
Herbehereetako selekzioak luzapenean irabazi zion Suediari (1-0), eta Munduko Kopako finala jokatuko du, igandean, Estatu Batuen aurka.
Herbehereetako selekzioak luzapenean menderatu zuen Suedia (1-0), eta 2019ko Frantziako Munduko Kopako finala jokatuko du, Estatu Batuen aurka. Jackie Groenen 14 zenbakia zeraman jokalari famatuak lortu zuen partidako gol bakarra.
Beste finalaurrekoarekin alderatuz, honako honetan defentsak izan ziren nagusi, eta zuhurtziaz jokatu zuten bi taldeek. Izan ere, bietako batek ere ez zuen finala jomuga txapelketaren hasieran, baina kanporaketa honetara helduta akatsak ez egitea zuten partidaren hasieran helburu nagusi.
Atsedenaldiko estatistikak partidaren parekotasun handiaren isla ziren, baita joko gutxiko partida grisarena ere, lehenengo zatian hiru gol aukera baino ez baitziren izan.
Txapelketako bigarren finalaurrekoak luzapenean erabaki zuen garailea. Jackie Groenen 14 zenbakia zeraman jokalari famatuak 99. minutuan eskuinez lortutako golarekin eman zion garaipena Herbehereetako selekzioari, eta, bide batez, Munduko Kopako final baterako sailkapena eman zion lehenengoz.
Horrenbestez, Herbehereak eta Estatu Batuak arituko dira aurrez aurre igandean, 2019ko Frantziako Munduko Kopako finalean.
Fitxa teknikoa
1 - Herbehereak: Sari van Veenendaal; Desiree van Lunteren, Stefanie van der Gragt, Dominique Bloodworth, Merel van Dongen; Jackie Groenen, Danielle van de Donk, Sherida Spitse; Lineth Beerensteyn (Shanice van de Sanden, 71. min), Lieke Martens (Jill Roord, 46. min) eta Vivianne Miedema.
0 - Suedia: Hedvig Lindahl; Hanna Glas, Nilla Fischer, Linda Sembrant, Magdalena Eriksson (Jonna Andersson, 111. min); Elin Rubensson (Julia Zigiotti, 79. min), Kosovare Asllani, Caroline Seger; Sofia Jakobsson, Stina Blackstenius (Mimmi Larsson, 111. min) eta Lina Hurtig (Madelen Janogy, 79. min).
Golak: 1-0, 99. min: Groenen.
Epailea: Marie-Soleil Beaudoin (CAN).