2019ko Munduko Kopa
Estatu Batuak vs Herbehereak, munduko garaikurra jokoan
A.C.
Igandean, 17:00etan, 2019ko Frantziako Munduko Kopako final historikoa jokatuko dute bi taldeek. Amerikarrek beren laugarren garaikur mundiala bilatuko dute. Herbeheretarrek, aldiz, lehenengoa.
Estatu Batuetako selekzioak eta Herbeheretakoak 2019ko Frantziako Munduko Kopako finala jokatuko dute igandean, 17:00etan, Lyonen. Amerikarrek, garaikur gehien irabazi dituen selekzioak, beraien laugarren garaipena lortu nahi dute Munduko Kopan. Holandarrek, aldiz, debuta egingo dute finalean, Europako txapelketa irabazi ondoren. Hirugarren eta laugarren posturako partidan, Suediak 1-2 irabazi dio Ingalaterrari.
Estatu Batuetako selekzioak bere laugarren garaipena lortzea zuen helburu, hasiera-hasieratik. Gaur egunera arte, Jill Ellisen jokalariek partida guztiak irabazi dituzte. Izan ere, amerikarrek emakumezkoen futbolean duten nagusitasuna baieztatu eta finalerako sailkapena lortu dute, nahiz eta kanporaketetako partida guztietan bi eta bateko markagailu parekatuarekin aurrera egin.
Gainera, irabaztea bakarrik balio dio Ipar Amerikako selekzioari, beste guztia porrota izango baita jokalarientzat. Edonola ere, Megan Rapinoe kapitainak eta urrezko baloia irabazi zuen Alex Morganek gidatutako selekzioak munduko txapeldun izatea bilatuko du, laugarren aldiz.
Hainbat garaikur irabazi ditu selekzio horrek: 3 Munduko Kopa (Txina 1991, Estatu Batuak 1999 eta Kanada 2015), 5 domina olinpiko (urrezkoa Atlanta 1996an, Atenas 2004an, Beijing 2008an eta Londres 2012an, eta zilarrezkoa Sydney 2000n) eta 9 CONCACAF-eko Urrezko Kopa (Haiti 1991, Estatu Batuak 1993, Kanada 1994, Estatu Batuak 2000, Estatu Batuak eta Kanada 2002, Estatu Batuak 2006, Estatu Batuak 2014 eta Estatu Batuak 2018). Horrenbestez, AEBko selekzioak historian sari gehien irabazi dituen emakumezkoen futbol selekzioa da.
Herbeheretarrek, aldiz, munduko txapeldunak izatea dute amets, nahiz eta haien hasierako helburua ez izan. Sarina Wiegman entrenatzen dituen jokalariek oztopo guztiak gainditu dituzte eta, finalerako sailkapena lortu ostean, haien marka pertsonala hobetzea lortu dute. Izan ere, Munduko Kopa bakarrean parte hartu dute, Kanada 2015ekoan, eta bertan final-zortzirenetara heldu ziren.
Lieke Mertens eta Jackie Groenen buru, Holandarrek haien futbola erakusten ari dira eta aurkari gogorra izango da igandeko finalean.
Hale ere, haien palmaresa ez da amerikarrena bezain arrakastatsuena, 2017ko Europako Txapelketa bakarrik irabaztea lortu baitute.
Beraz, igandean ezagutuko dugu 2019ko Frantziako Munduko Kopa historiko honetako irabazlea, 17:00etatik aurrera. Bestalde, Suediak Ingalaterra garaitu du hirugarren eta laugarren posturako partidan (1-2).