Ordutegiak
Lehen Mailako bost euskal taldeak, Ligaren eta Tebasen alde ordutegien aferan
Erredakzioa
Athleticek, Realak, Alavesek, Eibarrek eta Osasunak, babesa eskaini diote Ligari, eta partidak ostiraletan eta astelehenetan jokatzearen alde azaldu dira. Real Madril da aurka dagoen klub bakarra.
Uztailaren 31n bildu ziren Madrilen Lehen eta Bigarren Mailako ligetan (LaLiga Santander eta LaLiga SmartBank) parte hartzen duten 42 klubetako presidenteak, partiden ordutegien gaiaren inguruan hitz egiteko. Kluben ustez, Espainiako Futbol Federazioak ordutegiei buruz hartu duen erabakia "kezkagarria" da, eta "arriskuan jartzen ditu klubek telebista-eskubideengatik jasotzen duten diru-kopurua".
Lehen eta Bigarren Mailako 42 klubek babesa eskaini diote Futbol Profesionaleko Ligari (LaLiga) eta Javier Tebas presidenteari, partidak ostiraletan eta astelehenetan ere jokatzearen alde agertuta. Real Madril da partidak ostiraletan eta astelehenetan jokatzearen kontra azaldu den klub bakarra.
2.000 milioi euro jasotzen dituzte klubek telebista-eskubideengatik, eta Espainiako Futbol Federazioaren erabakiak arriskuan jartzen ditu LaLigaren eta ikus-entzunezko hedabideen artean sinatuta dauden kontratuak.
Espainiako Futbol Federazioak asteazkenean adierazi zuenez, "Lehen eta Bigarren Mailetako jardunaldiak larunbatetan eta igandeetan soilik jokatu ahalko dira", LaLiga eta Federazioa akordio batera iristen ez badira.
LaLiga eta Espainiako Futbol Federazioa abuztuaren 7an bilduko dira merkataritza arloko epaitegian, partidak jokatzeko ordutegiak zehazteko konpetentziak nori dagozkion zehazteko. Bertan, behin-behineko erabaki bat hartu beharko litzateke, ostiraletarako eta astelehenetarako iragarrita dauden partidak egun horietan jokatu ahalko diren ala ez jakiteko.