Erabakia
Federazioak eta LaLigak epaitegietan dute hitzordua, ordutegien gatazka bideratzeko
Erredakzioa
Merkataritza-gaietarako epaitegian erabakiko da nork duen Ligako partiden ordutegiak finkatzeko eskumena. Lehen jardunaldietako partidak ostiraletan eta astelehenetan jokatuko diren jakingo da.
Asteazken honetan, abuztuaren 7an, argituko da merkataritza-gaietarako epaitegian Espainiako Futbol Federazioak (RFEF) eta Ligak (LaLiga) futbol partiden ordutegiengatik duten gatazka. Bertan erabakiko da nork duen Ligako neurketen ordutegiak finkatzeko eskumena, baita lehen jardunaldietako partidak ostiraletan eta astelehenetan jokatuko ahalko diren.
Lehen eta Bigarren Mailako klub gehienak (guztiak Real Madril izan ezik) Ligaren alde daude gatazka honetan. Klub batzuetako presidenteek argi utzi dute Espainiako Futbol Federazioaren jarrerak kalte egin diezaiekeela, telebista-eskubideen kontratuak sinatuta baitaude eta kalte ekonomiko handia izan baitezakete diru-sarrera horiek jasotzeko. Klub askok aurrekontuaren erdia edo gehiago jasotzen dute telebista-eskubideen bidez.
Espainiako Futbol Federazioaren Lehiaketa Batzordeko epaileak hartu zuen erabakiaren ostean, lehen jardunaldiko neurketak larunbatetan eta igandeetan programatu dituzte, baina ordutegiak behin-behinekoak dira. Erabaki horrek Ligak ostiralean eta astelehenean jokatzeko zehaztuta zituen neurketak asteburura pasatzeko aukera eman zion Federazioari.