Itxi

Primera Iberdrola

Jarrerak hurbildu dituzte aldeek, emakumezkoen futboleko gatazka konpontzeko bidean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Sindikatuak eta patronala (ACFF) Lan Ministerioan batzartu dira Ministerioko eta Kirol Kontseilu Nagusiko ordezkarien bitartekaritzarekin.

Lan Ministerioan egindako bileran egon diren ordezkariak. Argazkia: EFE

Espainiako Futbolarien Elkarteak (AFE) eta Futbolistas On eta UGT sindikatuek begi onez ikusi dituzte Emakumezkoen Futboleko Kluben Elkartearekin (ACFF) astearte honetan egindako batzarrean izandako "aurrerapausoak".

Lan Ministerioaren egoitzan bildu dira, emakumezkoen futbolaren lehen hitzarmen kolektiboa sinatzeko bidean konponbideak bilatzeko asmoz, eta, bide batez, azaroaren 16rako eta 17rako deituta dagoen greba bertan behera gera dadila lortzeko. Lan Ministerioaren beraren eta Kirol Kontseilu Gorenaren (CSD) ordezkariek bitartekaritza lanak egin dituzte bileran.

Alderdi guztien arabera, topaketa emankorra izan da. Hartara, David Aganzo AFEko presidentea "baikor" agertu da bi ordu inguru iraun duen batzarraren ostean. Aitzitik, nabarmendu nahi izan du hitzarmena sinatzea ez dagoela soilik futbolarien esku. "Arazo berberak daude oraindik, nahiz eta Mediaproren proposamen berri bat dagoen mahai gainean.

Aipatu proposamen horretan, Mediaprok 1,5 milioi euro eskaini dizkio ACFFri, hark jokalarien eskaera ekonomikoei erantzun diezaion. Ordainean, astero Primera Iberdrolako bi neurketa telebistaz eman nahi ditu Mediaprok.

Patronalari dagokionez, Ruben Alcaine ACFFko presidenteak konponbidea "oso gertu" ikusten duela ziurtatu du. "Klubek eskura dugun guztia egin dugu. Orain, agertoki desberdina eta berria dago, eta horrek greba egoera desblokeatuko luke".

Era berean, biltzen jarraitzeko egutegi bat jorratu dute. Horrenbestez, hurrengo bilkura ostegun honetan, hilaren 7an, izango da, 12:00etatik aurrera.

Albisteak (4)