19/20ko Errege Kopa
Tolosak eta Peña Azagresak euren kanporaketak gainditu dituzte
eitb.eus
Gipuzkoarrek 1-0 irabazi diote Pontellasi eta nafarrek, bere aldetik, Fraga gainditu dute etxetik kanpo (0-1). Beraz, batak zein besteak Lehen Mailako aurkariak izango dituzte hurrengo kanporaketan.
2019/20ko Errege Kopako aurre-kanporaketan parte hartu duten bi euskal ordezkariek, hau da, Tolosak eta Peña Azagresak euren partidak irabazi dituzte, eta, hartara, igande honetan egingo den hurrengo kanporaketako zozketan izango dira.
Sailkapena lortzen lehenak gipuzkoarrak izan dira. Tolosakoek Pontellas Galiziako ordezkaria izan dute aurkari Berazubiko futbol-zelaian, eta gol bakarra nahikoa izan dute (Jon Elorzak 63. minutuan sartutakoa) kanporaketa gainditzeko (1-0).
Beste horrenbeste egin dute Azagrakoek Aragoiko lurraldeetan. Izan ere, nafarrei Fragaren etxean (Huesca) jokatzea egokitu zitzaien; alabaina, oztopo hori gainditzeko gaitasuna agertu dute, Murugarrenek 69. minutuan, geldikako jokaldi batean, buruz sartu duen golari esker.
Ondorioz, batak zein besteak bermatuta daukate Lehen Mailako ordezkari bat izango dutela aurrez aurre abenduaren 18an jokatzekoa den hurrengo kanporaketan.
Honako hauek izan dira asteazken honetan jokatutako kanporaketetako emaitzak:
A multzoa
Tolosa CF 1-0 CD Pontellas
CD Becerril 1-0 Urraca CF
Comillas CF 1-1 (3-2) CD Barqueño
B multzoa
FC Andorra 3-0 CE Andratx
UD Fraga 0-1 CD Peña Azagresa
C multzoa
Club Atletico Antoniano 2-0 Atletico de Porcuna CF
CB Ramon y Cajal 1-2 El Palmar CF
Melilla CD 1-0 AD Lobon
D multzoa
CD El Alamo 2-1 CD Pedroñeras
CF Intercity 3-0 UD Gran Tarajal