Itxi

2020ko Eurokopa

Danimarka eta Suitza, Eurokopara

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Danimarkakoek nahikoa zuten Irlandan berdintzearekin, eta hala egin dute (1-1). Suitzak, berriz, ez du Gibraltar gainditzeko zailtasunik izan (1-6).

Irlandak eta Danimarkak bana egin dute. Argazkia: EFE

Danimarkak, Irlandaren aurka 1-1 berdindu ondoren, eta Suitzak, Gibraltarri 1-6 irabazi ostean, Eurokoparako sailkapena eskuratu dute astelehen honetan, sailkatze faseko 10. jardunaldian.

D multzoa zen jokoan zerbait zuen bakarra, eta arreta guztia bi zelaitan zegoen jarrita, baina batez ere Dublingo Aviva estadioan. Bertan, Irlandak irabazteko beharrizana zeukan Eurokopan izateko eskubidea eskuratu nahi bazuen, ez baitzion beste ezerk balio. Danimarkak, ordea, nahikoa zuen puntu bat lortzearekin, eta horixe bera izan du helburu neurketa guztian zehar.

Danimarkarrek atzean sartuta jokatu dute partidak iraun duen 94 minutuak, aurkariari Smeichelen atera gerturatzeko zirrikiturik ia utzi gabe. Etxeko taldeak, gainera, sekulako ezustekoa hartu du norgehiagokaren azken zatian, Braithwaiteren golarekin. Leganeseko aurrelariak oinetakoaren puntarekin sartu duen golak ia aukerarik gabe utzi du Irlanda. Dena den, etxekoek lehia orekatzeko gaitasuna izan dute neurketa bukatzeko bost minutu besterik geratzen ez zirela, Matt Dohertyren burukada batekin.

Hortik aurrera, Mick McCarthyren taldea etsi-etsian ahalegindu da Danimarka estu hartzen, baina ez du lortu sailkatzeko behar zuen gola.

Suitzak, berriz, 1-6ko emaitza argiarekin gainditu du Gibraltar. Cedric Ittenek bi gol egin ditu, eta Ruben Vargas, Loris Benito, Christian Fassnacht eta Granit Xhaka izan dira gainerako golak erdietsi dituztenak.

Eguneko beste emaitza deigarriena Italiak Armeniari sartutako gol zaparrada (9-1) izan da. Modu horretan, italiarrek sailkapen faseko neurketa guztiak irabaztea lortu dute.

Albisteak (4)