Fitxaketa
Abelardo, Espanyoleko entrenatzaile berria denboraldi bukaerara arte
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pablo Machinen ordez arituko da. Hartara, Espanyolen aurtengo denboraldiko hirugarren entrenatzailea izango da, aurretik David Gallego kargugabetu baitzuten katalanek.
Abelardo Fernandez izango da Espanyoleko entrenatzailea denboraldia amaitu arte, Pablo Machin kargutik kendu ostean. Hala eman du jakitera Bartzelonako klubak ostiral honetan.
Abelardo gaur egun talderik gabe zegoen, eta abenduaren 30ean, astelehenean, zuzenduko du bere lehen entrenamendu saioa. Teknikaria 16:00etan aurkeztuko dute RCDE Stadiumean.
Txuri-urdinen aulkiko arduradun berriak bi laguntzaile izango ditu: Tomas Hervas, bigarren entrenatzailea, eta Iñaki Tejada, analista. Batak zein besteak asturiarraren ohiko lan taldea osatzen dute.
Espanyolek Lehen Mailari eustea izango da Abelardoren erronka. Taldea azken tokian dago sailkapenean hamar punturekin, eta orain arteko sentsazioak ez dira positiboak izan, ez jokoagatik ezta emaitzengatik ere.