Apirilaren 18an jokatu ezean
Kopako finala maiatzaren azken astean jokatzea, Realaren eta Athleticen proposamena
Erredakzioa
Proposamen hau egin diote bi klubek Espainiako Futbol Federazioari, elkarren artean adostuta, beti ere finala apirilaren 18an jokatu ezin bada.
Euskal Telebistak jakin duenez, Athleticek eta Realak Espainiako Futbol Federazioari proposatu diote Errege Kopako finala maiatzaren azken astean jokatzea, beti ere apirilaren 18an jokatu ezin bada.
Bi klubek elkarren artean adostutako proposamena izan da, eta Federazioak begi onez ikusten du. Hala ere, proposamena martxoaren 25ean Espainiako Futbol Federazioaren Batzorde Delegatuak egingo duen batzarrean mahai gainean egongo den gaietako bat izango da.
Kontuak kontu, finala maiatzaren azken astera atzeratuko balitz, hilaren 30a baino lehenago izan beharko litzateke, larunbat horretan Txapeldunen Ligako finala jokatuko baita.
Asteazken honetan, Federazioa, Athletic eta Reala batzartuko dira Errege Kopako finalari buruzko hainbat kontu zehazteko; adibidez, klub bakoitzak jasoko duen sarrera-kopurua.
Espainiako Futbol Federazioak astearte honetan jakinarazi du komunikatu ofizial baten bitartez, Errege Kopako finalari buruzko azken erabakia martxoaren 25ean hartuko duela. Hainbat zalek bidaiak antolatuta eta ordainduta dituzte, baita Sevillan ostatuak hartuta ere. Ondorioz, ez da erraza izango zaleak eta klubak asebeteko dituen erabakiak hartzea.