Errege Kopa
Athletic-Reala, balkoietan jokatzen den finala
Erredakzioa
Errege Kopako finala larunbat honetarako (apirilak 18) zegoen aurreikusita, baina koronabirusaren pandemiarengatik atzeratu da, data zehatzik gabe. Zaleek, ordea, partida berezia antolatu dute.
Athleticek eta Realak larunbat honetan, apirilaren 18an jokatu behar zuten Errege Kopako finala, baina data zehatzik gabe atzeratu zen koronabirusaren pandemiarengatik. Hala ere, zaleek finala Bizkaiko eta Gipuzkoako 'balkoietan' jokatu dute, talde zuri-gorriko jarraitzaile batzuk sare sozialetan bultzatu zuten ekimenaren bidez.
Athleticen ereserkia "Sevillan ere entzun dadila" animatu dute ekimena bultzatu duten zaleek. Gainera, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri zein hirietako balkoiak, bakoitzak bere taldearen koloreekin atondu ditzala eskatu dute.
Ekimenari 'balkoietako derbia' izena eman diote. Eguerdiko 12:30etan "pintxo potea" egitearekin batera hasiko da jaia, bilbainadak, Kepa Junkeraren eta jai-giroko kantak abestuz.
Arratsaldean, osasun-langileei eskainitako txaloen ostean, bakoitzak bere taldearen ereserkia kanta dezala proposatu dute, eguna Mikel Laboaren 'Txoria Txori' abestiarekin amaituz.
Realeko zaleek aurkarien ekimena onartu dute, eta Gipuzkoako hainbat herri eta hiritan Realeko koloreez, txuri-urdinez, jantzi dituzte balkoiak.
'Athletic Hiria', Lekeition
Sevillan, Errege Kopako finala jokatu behar zen hirian, zaleen bi guneak, 'Athletic Hiria' eta 'Reala Hiria' jendez gainezka egongo lirateke egun guztian zehar. Bada, balkoietako derbiari ezer ez faltatzeko, Iñaki Soldevillak 'Athletic Hiria' antolatu du bere etxeko terrazan, xehetasun guztiekin.
Athletic eta Reala, bat eginda koronabirusaren aurka
Bideo bateratua zabaldu dute Athleticek eta Realak, talde bietako jokalarien bidez osasun-langileei eskerrak emateko.