Itxi

31. jardunaldia

Osasunak bereganatu du Mendizorrotzako derbia, eta eskura du mailari eustea (0-1)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Bi taldeek ez dute arriskurik hartu nahi izan lehen zatian, eta partidako gol bakarra 63. minutuan erdietsi dute nafarrek, Latoren bitartez.

Borja Sainz eta Antonio Latorre 'Lato' baloi baten lehian. Argazkia: EFE

Osasunak oso gertu dauka beste denboraldi batez Lehen Mailan jarraitu ahal izatea, asteazken honetan Alavesen aurka Mendizorrotzan garaipena (0-1) lortu ondoren, Toni Latok bigarren zatian egindako golari esker.

Aparteko gauzarik erakutsi gabe eta batez ere inolako arriskurik hartu gabe aritu dira talde biak lehen zati osoan zehar. Ondoren, nafarrak aurrea hartzeko gai izan dira 63. minutuan, eta primeran kudeatu dute neurketa hortik aurrera, abantailari sendo eutsirik.

Garaipen horrekin, gorritxoek 38 puntu dituzte jada, eta Alaves, berriz, 35 punturekin geratu da; hau da, salbazioa bermatzeko puntu batzuen faltan, oraindik.

Norgehiagokaren hasierak erritmo lasaia izan du. Alavesek joko bertikalagoarekin ekin dio; Osasunak, ostera, partida bere moldera eraman nahi zuen, jokaldiak gehiago landuz.

Asier Garitanoren mutilek geldikako jokaldiak izan dituzte berriz ere arrisku-iturri, eta lau korner atera dituzte lehendabiziko hamar minutuetan. Gainera, hasierako txanpako abagunerik onena Joselu Matok 5. minutuan egindako errematea izan da, Lucas Perezekin batera egindako jokaldi baten ostean.

Hala eta guztiz ere, atezainek ez dute ia lanik izan partidako lehen 40 minutuetan, bi taldeak zelaian oso ondo kokatuta baina abagunerik sortzeko ahalmenik gabe aritu baitira. Aitzitik, 41. minutuan, Joselu Matok bere taldea aurretik jartzeko aukera izan du; hala ere, galiziarraren burukada Sergio Herreraren ate gainetik joan da.

Bigarren zatia lehenengoa baino biziagoa hasi da, eta, hala, 55. minutuan, Lucas Perezek Osasuna izutu du. Galiziarrak Victor Camarasaren pase bikaina baliatu du area ertzetik jaurtiketa egiteko, baina haren jaurtiketa gorritxoen atetik kanpora joan da.

Handik gutxira, Osasuna izan da Fernando Pachecoren eremura hurbildu dena estreinakoz, baina Aridanek, ahoko zuloan zegoela, baloia belaunarekin jo du eta baloiak kanpora alde egin du.

Bi taldeak erasokorrago zebiltzanean, iruindarren hurrengo jokaldian, Toni Latok bere taldearen gola egin du, 63. minutuan, Enric Gallegok emandako baloia aprobetxatuz. Gallegok Rodrigo Elyren hutsegitea baliatu du baloia berreskuratzeko.

Asier Garitanok aldaketak egin ditu bere taldea suspertu nahian, baina arrakasta handirik gabe; izan ere, neurketaren azken zatian Osasuna are gehiago gerturatu da aurkariaren ate ondora.

Bisitariak partida osoan baino denbora gehiagoan egon dira Fernando Pachecoren inguruetan, eta, horrela, etxeko taldeari ez diote erreakzionatzeko aukerarik eman.

Fitxa teknikoa:

0 - Alaves: Pacheco, Ximo, Laguardia, Ely (Adrián Martín, 78. min), Duarte, Borja Sainz (Édgar, 78. min), Pina, Camarasa (Manu García, 80. min), Rioja (Burke, 72. min), Joselu eta Lucas Pérez.

1 - Osasuna: Sergio Herrera, Nacho Vidal, D. García, Aridane, Lato, Roberto Torres, Oier, Moncayola (Brasanac, 80. min), Rubén García (Estupiñán, 80. min), Enric Gallego eta Arnáiz (Mérida, 88. min).

Gola: 0-1, 63. min: Lato.

Epailea: Hernández Hernández. Txartel horiak: Ely (Alaves); Oier, Lato eta David García (Osasuna).

Albisteak (3)

Bideoak (1)