Ordutegien gatazka
Kirol Kontseilu Gorenak ostiraletako eta astelehenetako partidak baimendu ditu
Agentziak | Erredakzioa
Hala ere, astelehenetan jokatzeko baldintzak jarri ditu eta larunbat eta igande goizak Primera Iberdrolako eta beste mailetako partidetarako gordetzea erabaki du.
Ligari LaLiga Santanderreko eta LaLiga Smartbankeko partidak ostiraletan eta astelehenetan jokatzeko baimena ematea erabaki du Kirol Kontseilu Gorenak ostiral honetan. Astelehenetako partiden kasuan, baina, zenbait baldintza ezarri ditu.
Horrela, eta "behin betiko" ebazpen horri esker, Kirol Kontseilu Gorenak ordutegiekin azken asteetan izandako iskanbilari amaiera jartzea espero du. Gatazka LaLigaren eta Espainiako Futbol Federazioaren artean sortu da, Federazioa ostiraletan eta astelehenetan jokatzearen kontra agertu delako.
Irene Lozako Kontseiluko presidenteak sinatutako ebazpenak dioenez, "ostiraletan dagokion jardunaldiko partidak jokatzeko aukera izango da LaLigako Lehen eta Bigarren Mailako egutegi ofizialari jarraituta".
Halaber, astelehenetan jokatzeko baimena ematen du, beti ere "denboraldi bakoitzeko, gehienez, 20 jardunaldi jokatuta, jai-egunak kenduta, eta jardunaldi bakoitzeko partida bakarra programatuta".
Era berean, astelehenak "COVID-19arekin edo bestelako arrazoien ondorioz atzeratutako edo bertan behera geratutako jardunaldiak eta partidak errekuperatzeko" erabiliko direla zehaztu du.
Ordu-tarte mugatua
Azkenik, Kirol Kontseilu Gorenak "ordu-tarte mugatu bat erreserbatzeko" erabakia hartu du, "larunbatetan eta igandetan, 14:00ak arte" Primera Iberdrolako zein bestelako kategorietako partidak jokatzeko eta emateko.