Derbia, San Mamesen
Athleticek eta Realak sentsazio onekin amaitu nahi dute urtea
A. A. | EITB MEDIA
Zuri-gorriek eta txuri-urdinek elkarren aurka jokatuko dute San Mamesen, 14:00etatik aurrera, Ligako 16. jardunaldian.
Athleticek eta Realak euskal derbia jokatuko dute ostegun honetan, eta talde biak saiatuko dira azken aldian daramaten bolada gorabeheratsua zuzentzen.
Txuri-urdinen helburua irabazi ezinda dabiltzan bederatzi partidako segidari amaiera ematea da, eta, bide batez, ligako sailkapeneko gorenean jarraitzea; izan ere, Imanol Alguacilek proposatzen duen sormenezko eta konbinaziozko futbolarekin lider izatera iritsi zen.
Zuri-gorriei dagokienez, berriz, lortu beharreko aldaketa sakonagoa da, hau da, errendimenduan erregulartasuna emango diona eta joko erakargarriago batekin; ahal izanez gero, sailkapenean Europara begira jartzeko. Aldaketa horrek, bidenabar, zaleek Gaizka Garitanoren inguruan duten eztabaida txikitzen lagun dezake, lehen itzuli guztian ahoz aho ibili baita Bilboko jarraitzaileen artean.
Denboraldian inflexio puntua izan daitekeen garaipen hori bilatzeko, Garitanok azken orduko baja bat izango du: Yeray Alvarez, Bizkaiko taldeko jokalaririk onenetakoa. Unai Nuñezek hartuko du Barakaldoko erdiko atzelariaren lekua. Aitzitik, Deriokoak, Asier Vilallibre eta Alex Berenguer jokatzeko moduan izango ditu.
Realak, bere aldetik, bolada txarrari ahalik eta agertoki onenean amaiera ematen ahaleginduko da, nahiz eta David Silvak ezin izango duen parte hartu.
Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak bere jokalaririk onena eta goleatzaile nagusia, Mikel Oyarzabal, behin betiko berreskuratzea espero du, min hartuta baitabil abenduaren 3tik. Gauza txikia izango zela zirudien arren, ezin izan du jokatu azken norgehiagoketan, eta taldeak asko igarri du haren eta Silvaren hutsunea.
Itxura guztien arabera, aurrelari eibartarra hamaikakoan egongo da; ez, ordea, Silva, lehen graduko giharretako lesioa baitauka, eta gutxienez hamar egun egongo da zelaietatik at.
Donostiarrak ez dabiltza fin azken garaian, 9 norgehiagoka pilatu baitituzte irabazi gabe, Europa Liga eta LaLiga txapelketako neurketak kontuan hartuta, eta Gabonetako atsedenaldi txiki honetara hiru porrotekin iritsi dira, zaleengan zalantzak eraginez horrela.
Balizko hamaikakoak:
Athletic: Unai Simón; Capa, Nuñez, Íñigo Martínez, Yuri; Vencedor, Vesga; Williams, Muniain, Berenguer eta Villalibre.
Real Sociedad: Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Monreal; Zubimendi, Guevara, Merino; Portu, Isak eta Oyarzabal.
Epailea: José María Sánchez Martínez.
Ordua: 14:00.