Final-zortzirenak (joanekoa)
Bayernek Lazio mendean hartu du eta Atletico galtzaile atera da Chelsearen aurka
A. B. | EITB Media
Bayern Munichek 1-4ko emaitzarekin lortu du garaipena Lazioren kontra Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako joaneko partidan. Chelseak 0-1eko emaitzarekin irabazi dio Atletico Madrili.
Bayern Munichek eta Chelseak Txapeldunen Ligako final-laurdenetara sailkatzeko aurrerapausoa eman dute, final-zortzirenetako joaneko partidetan garaipenak lortuta.
Kanporaketa ia erabakita utzi du Bayern Munichek, 1-4ko emaitzarekin mendean hartu baitu Lazio. Atsedenaldira iristean egungo txapeldunek aldeko 0-3ko emaitza lortu dute Lewandowski, Musiala eta Sane jokalarien golei esker. Bigarren zatia hasi eta segidan, bere atean sartu du gola Acerbik, eta Laziok aldeak murriztu ditu (1-4) Correaren golarekin, 49. minutuan.
Bestalde, Bucaresteko (Errumania) National Arena estadioan, Chelseak 0-1eko emaitzarekin irabazi dio Atletico Madrili. Neurketako gol bakarra 69. minutuan sartu du Giroudek, txilenaz. Hasieran, epaileak baliogabetu egin du aurrelari frantziarraren gola, bai VARa kontsultatu ostean, gola markagailura igo da.