Itxi

Athletic vs Reala

Zupiriak baztertu egin du apirilaren 3ko Kopako finalagatik ospakizunik egotea

A. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Athleticeko gabarrari egingo dizkioten frogen harira egin ditu adierazpenak ETB2ko 'Qué me estás contando saioan'.

Bingen Zupiria QMEC saioan. Argazkia: EITB

Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu eta bozeramaileak, ETB2ko Qué me estás contando saioari emandako elkarrizketan iritzi dio une honetan ez dela garaia "ospakizun jendetsuen inguruan ilusiorik sustatzeko", Athleticeko gabarrak egingo dituen ur proben harira.

"Nonbait irakurri dut gabarra probatu behar dutela. Espero dut hondoratu ez dadin izatea, ez ospakizun baterako prestatzeko", adierazi du Zupiriak.

"Uste dut ez genukeela ospakizun jendetsu baten inguruko ilusiorik sustatu behar, ez une honetan", gaineratu du.

Bilboko Itsas Museoak (Itsasmuseum) astelehen honetan jakinarazi duenez, Athleticen gabarra zaharberritzeko lanak amaitu dituzte, eta bihar, asteartea, ur proba bat egingo dute, uretan erabilgarria den bermatzeko.

Zaharberritzea Athletic Clubek ordaindu du eta joan zen udan Itsasmuseumek egin zuen. Museoko dikeetan dago ikusgai, eta uretako proba egitea baino ez da falta itsas agintariek erabiltzeko baimena eman dezaten. Itsas Museoak nabarmendu duenez, izapide administratibo horrek "ez du zerikusirik gertaerak aurreratzeko asmoarekin; aitzitik, jarraitu beharreko prozedura bat da".

Athleticek eta Realak apirilaren 3an Cartujan jokatuko duten Errege Kopako finalari dagokionez, Zupiriak esan du Sevillako estadioan ez dela Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza instituzionalik izango. "Erabaki dugu ez lehendakaria ez Gobernuko beste ordezkaririk ez dela joango Cartujara. Jenderik ez badago, guk ere ez dugu hor egon behar", iragarri du.

Albisteak (3)

Bideoak (1)