Athletic - Reala
Osasun Ministerioaren aburuz, ez da posible Kopako finala publikoarekin jokatzea
Agentziak | EITB Media
Carolina Darias ministroaren esanetan, "ez da posible, ezta komenigarria ere" Athleticen eta Realaren arteko finalean zaleak harmailetan egotea.
Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioaren aburuz, ez da posible publikoarekon jokatzea apirilaren 3ko Athleticen eta Realaren arteko Errege Kopako finala. Beraz, Cartuja estadioko harmailetan ez da zalerik egongo.
Carolina Darias ministroaren esanetan, "ez da posible, ezta komenigarria ere" Errege Kopako finalean zaleak harmailetan egotea. Adierazpenak Lurralde arteko Kontseiluan egin ditu osasun ministroak.
"Denok nahi dugu horrelako ekitaldietara bueltatzea, baina ulertuko duzue hau ez dela momentu egokia", adierazi du Dariasek, pandemiaren bilakeran gorakada egon daitekeela ohartaraziz.
Publikoarekin jokatzeko aukera
Asteazken goizean albiste izan da Errege Kopako apirilaren 3ko finalean publikoa egon zitekeela Cartujako estadioan; konkretuki, estadioaren edukieraren ehuneko 25a (10.000 pertsona baino gehiago). Hala ere, Darias ministroaren adierazpenek aukera baztertu dute.
Eusko Jaurlaritzak ere iritzia eman du gai honen inguruan. Bingen Zupiria bozeramaileak adierazi duenez, Jaurlaritzaren ustez ez da momentu egokia futbol estadioetako ateak publikoari irekitzeko.
Kluben eta Federazioaren arteko batzarra
Espainiako Futbol Federazioak batzarra egingo du Athleticekin eta Realarekin ostegunean Las Rozaseko (Madril) Futbolaren Hirian, 16:00etan, apirilaren 3ko Kopako finalari buruzko xehetasunen berri emateko.
Batzar horretan Federazioak klubei jakinarazi nahi zien finala publikoarekin jokatuko zela, baina Osasun Ministerioaren erabakiaren ostean beste kontu batzuk jorratuko dituzte.