Itxi

Apirilaren 3an

Athleticen eta Realaren arteko finala publiko barik jokatuko da

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Horrela erabaki du Espainiako Futbol Federazioak koronabirusaren inguruko murrizketak kontuan izanda.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Athleticek eta Realak apirilaren 3an jokatuko duten 2019-2020ko Kopa finala publiko barik jokatuko dela konfirmatu du Espainiako Futbol Federazioak. Erabakia, koronabirusaren inguruko neurriak eragiten dituzten murrizketengatik hartu dute.

Federazioa datozen orduetan batzartuko da bi euskal klubekin, eta erabakiaren berri emandako oharrean azaldu duenez, "egun bizi dugun egoera epidemikoak eta mugikortasuna murrizten duten neurriek, bai Andaluzia osoan eta bai Sevillan, ezinezkoa egiten dute probintzian bizi ez diren zaleek partida ikustera joatea".

"Bi klubei erabakiaren berri eman diegu, eta haiek Federazioak hartutako edozein erabaki onartuko dutela esan dute. Kontuan izan dugu, bereziki, bi taldeetako zaleek ezin dute Cartujako zelaira joan, eta Andaluziako Juntako Osasun eta Familia Kontseilaritzak eta Espainiako Futbol Federazioak elkarlanean adostutako erabakia da", azaldu dute Federaziotik.

Espainiako Gobernuak asteazkenean, Carolina Darias Osasun ministroaren bidez, publikoa egotea ez zuela "egokia eta komenigarria" ikusten adierazi ostean hartu dute erabakia. Izan ere, San Joseko zubiari eta Aste Santuari begira "pertsonen pilaketa" eragingo luketeen ekitaldirik ez egitearen alde agertu dira, itxialdi perimetralekin eta mugikortasun zein harreman sozialak mugatzen dituzten murrizketekin jarraitzearekin batera.

Ostegun honetan, Iñigo Urkullu lehendakaria ere gaiaren inguruan aritu da. Esan duenez, Kopako partida baino garrantzitsuagoa da birusaren aurkako partida, eta publikoa egotearen auka agertu da. 

Albisteak (3)

Bideoak (1)