Nigeriak ez du parte hartuko
Euskal Selekzioak, Argentinak eta Venezuelak jokatuko dute Basque Country txapelketa
A. B. | EITB Media
Basque Country International Women's Cup txapelketak formatua aldatu behar izan du, azkenean Nigeriak ez duelako parte hartuko. Partidak 45 minutukoak izango dira eta apirilaren 12an jokatuko dira.
Basque Country International Women's Cup txapelketak formatua aldatu behar izan du, azken orduan Nigeriak ez baitu parte hartuko. Ondorioz, Euskal Selekzioa, Argentina eta Venezuela izango dira txapelketa jokatuko dutenak. Partida bakoitzak 45 minutuko iraupena izango du, eta guztiak apirilaren 11n (igandea) jokatuko dira, Zubietan.
Euskadiko Futbol Federazioak asteazken honetan jakitera eman duenez, Nigeriak "arazo burokratikoak" izan ditu, eta ezin izan du Euskadira bidaiatu. Ondorioz, txapelketa igandean jokatuko da, oso-osorik. Lehen partida 11:00etan jokatuko dute Argentinak eta Venezuelak. Ondoren, Euskal Selekzioa lehiatuko da Venezuelaren kontra. Azken norgehiagoka Argentinak eta Euskal Selekzioak jokatuko dute.
Partida guztiak zuzenean eskainiko dituzte Euskal Telebistak eta eitb.eus webguneak.