Europa Liga (finalerdiak)
Manchester Unitedek finalean egoteko aurrerapauso handia eman du
A. B. E. | EITB Media
Ingalaterrako taldeak 6-2ko emaitzarekin irabazi du Erromaren aurkako Europa Ligako finalerdietako joaneko partida eta Vila-realek Arsenal menderatu du (2-1).
Manchester United eta Vila-real garaile atera dira Europa Ligako finalerdietako joaneko partidetan, asteazken honetan (apirilak 29) Erromari eta Arsenali irabazita, hurrenez hurren.
Old Trafforden (Ingalaterra) Manchester Unitedek 6-2ko emaitzarekin lortu du garaipena Erromaren aurka. Erresuma Batuko taldeak sartu du lehen gola Bruno Fernandesen bidez (1-0), baina atsedenaldira iritsi aurretik talde italiarrak emaitza irauli du Pellegriniren (1-1) eta Dzkoren (1-2) golei esker. Bigarren zatian, ordea, Cavanik binakoa (2-2) jarri du markagailuan, eta United aurretik jarri du ondoren (3-2). Manchesterreko taldeak bigarren zatian eman duen erakustaldia Bruno Fernandesen (4-2), Pogbaren (5-2) eta Greenwooden (6-2) golek biribildu dute.
Bestalde, Vila-realek 2-1eko emaitzarekin irabazi dio Arsenali Zeramikaren Zelaian. Unai Emeryk zuzentzen duen taldeak bi goleko abantaila izan du Triguerosek (1-0) eta Albiolek (2-0) aurkariaren atea zulatu ostean. Hala ere, Mikel Artetak zuzentzen duen taldeak desabantaila murriztu du Pepek penaltiz sartu duen golari esker (2-1). Ceballosek (Arsenal) eta Capouek (Vila-real) txartel gorria ikusi dute.