Ofiziala
Javi Martinezek ez du Bayern Munichen jarraituko denboraldia amaitu ostean
A. B. E. | EITB Media
Jokalaria eta kluba akordiora iritsi dira, eta bi aldeak lotzen dituen kontratua ez berritzea erabaki dute. Nafarroako erdilaria libre geratuko da ekainaren 30etik aurrera.
Javi Martinezek ez du Bayern Munich taldean jarraituko ekainaren 30etik aurrera. Kluba eta jokalaria akordiora iritsi dira bi aldeak lotzen dituen kontratua ez berritzeko. Hortaz, bederatzi urteren ostean, erdilariak talde alemaniarrari agur esango dio.
"Harro eta pozik nago azken bederatzi urteetan Bayernen jokatu dudalako. Eskerrak eman nahi dizkiot klubari, baita zaleei ere, noski. Munichen nire etxean bezala sentiarazi nauzue! Inoiz ez ditut ahaztuko bederatzi urte hauek. Daukadan guztia eman dut klubarengatik, eta oso pozik nago elkarrekin irabazi ditugun titulu guztiengatik", adierazi du Javi Martinezek Bayernen webgunean.
Bestalde, Karl-Heinz Rummenigge Bayerneko zuzendari nagusiak Martinez fitxatzea erabaki ona izan zela gogorarazi du: "2012an erabaki zaila hartu eta Javi Martinez fitxatu genuen Athleticetik 40 milioi euro ordainduta. Asmatu egin genuen hartutako erabakiarekin. Javi Martinezen kalitatea garrantzitsua izan da taldearentzat, eta bikain egokitu zen".
Bayernekin hainbat titulu irabazi itu Javi Martinezek; 32 urte ditu, eta Municheko taldean egindako ibilbideari amaiera jartzea erabaki du. Jada, libre da edozein talderekin negoziatzeko.