Ezbeharra Eurokopan
Christian Eriksenek "egonkor" jarraitzen du eta ospitalean segituko du
A. A. | EITB MEDIA
Danimarkako Futbol Federazioak ohar bat argitaratu du igande honetan, eta bertan adierazten denez, jokalariarekin hitz egiteko aukera izan dute.
Christian Eriksen Danimarkako jokalariaren osasun-egoerak "egonkorra" izaten jarraitzen duela, baina ospitaleratuta segituko duela jakinarazi du igande honetan Danimarkako Futbol Federazioak, larunbatean, Finlandiaren aurkako Eurokopako neurketa jokatzen ari zela, pairatu zuen bihotzeko-krisialdiaren ostean.
"Gaur goizean Christian Eriksenekin hitz egin dugu, eta hark goraintziak bidali dizkie taldekideei. Bere egoera egonkorra da eta ospitaleratuta jarraituko du, osasun-azterketa zabalagoak egiteko", adierazi du aipatu federazioak kaleratu duen oharrean.
Ohar horretan azaltzen denaren arabera, Danimarkako gainerako jokalariek zein beste langileek "krisi-egoeratarako laguntza jaso dute". Horrez gain, eskerrak eman nahi izan dizkiete zale, jokalari, Danimarkako eta Ingalaterrako errege-familia, nazioarteko elkarte, klub eta abarrei "Christian Erikseni emandako babesagatik", gaineratu du federazioak.
Update regarding Christian Eriksen. pic.twitter.com/YuKD9hS9LV
— DBU - En Del Af Noget Større (@DBUfodbold) June 13, 2021
Eriksen konorterik gabe erori zen partidako 43. minutuan, eta Kopenhageko Parken Stadioko futbol-zelaiko osasun-langileek ia 15 minutuz artatu behar izan zuten berdegunean. Ondoren, ospitalera eraman zuten.