EURO 2020
Patrick Shickek garaipena eman dio Txekiar Errepublikari Eskoziaren aurka (0-2)
M. Y. L. | EITB MEDIA
Leverkuseneko aurrelariak Coufalen erdiraketa on bat ongi aprobetxatu du atsedenaldiaren atarian; bigarren gola, zelai erditik, izugarria izan da.
Leverkusen taldeko Patrik Schick aurrelariaren bi golek, horietako bat zelai erditik, Eurokopako D Multzoko lidergoa eman diote Txekiar Errepublikari, gehiago merezi izan duen Eskoziari (0-2) irabazi ondoren, Glasgowko Hampden Park zelaian.
Ez da erraza izan txekiarrentzat, Eskozia gogoarekin atera baita aspalditik jokatzen ez duen txapelketa honetan, eta bere kapitaina, Andrew Robertson, etxekoen anbizioaren isla izan da, etengabeko erasoak egin baititu ezker hegaletik.
Lyndon Dykesen erremate batek eta Robertson beraren jaurtiketa batek markagailuan aurreratzeko aukera eman diote eskoziarrei, Txekiar Errepublika makur zebilen bitartean, kontraeraso baten bila.
Orduan Schick agertu da. Coufalek erdiraketa on bat egin eta Leverkuseneko aurrelariak ongi aprobetxatu du atsedenaldiaren atarian. Bigarren gola bigarren zatiaren hasieran egin du eta izugarria izan da, zelai erditik. Aurretik Schickek berak eta Daridak ere gola egiteko aukera izan dute eta Hendryk norgehiagoka berdintzeko aukera izan du, baina baloiak zutoinean jo du.
Tomas Vaclikek Eskoziaren indarra geldiarazi du eta Eskoziak bere punteria falta ordaindu du. Ostiralean partida erabakigarria jokatuko du Ingalaterraren aurka Wembleyn.
Fitxa teknikoa:
0 - Eskozia: David Marshall; Jack Hendry (Callum McGregor, 67. min), Liam Cooper, Grant Hanley; Stephen O'Donell (James Forrest, 79. min), Stuart Armstrong (Ryan Fraser, 67. min), John McGinn, Scott McTominay, Andy Robertson; Lyndon Dykes (Kevin Nisbet, 79. min) eta Ryan Christie (Che Adams, 46. min).
2 - Txekiar Errepublika: Tomas Vaclik; Vladimir Coufal, Tomas Kalas, Ondrej Celustka, Jan Boril; Alex Kral (Tomas Holes, 67. min), Tomas Soucek; Jakub Jankto (Adam Hlozek, 72. min), Vladimir Darida (Petr Sevcik, 87. min), Lukas Masopust (Matej Vydra, 72. min); eta Patrik Schick (Michael Krmencik, 87. min).
Golak: 0-1, 42. min: Patrik Schick. 0-2, 51. min: Patrik Schick.
Epailea: Daniel Siebert (ALE).Txartelik ez.