Ofiziala
Emakumezkoen futbolak kirol profesionalaren estatusa du jada
A. B. E. | EITB Media
Kirol Kontseilu Nagusiak aho batez onartu du Estatuko emakumezkoen futboleko Lehen Mailak kirol profesionalaren estatusa izatea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Kirol Kontseilu Nagusiak astearte honetan aho batez erabaki du Estatuko emakumezkoen futbolaren Lehen Mailak kirol profesionalaren estatusa izatea. Jose Manuel Franco Kirol Kontseilu Nagusiko presidenteak adierazi duenez, "erabaki honekin zor historikoa kitatzen dugu".
"Gaur, futbolariak diren emakumeekin geneukan zor historikoa kitatzen dugu, baita emakume kirolariekin eta emakumeekin orokorrean geneukan zorra ere, orain arte diskriminatuta egon baitira emakumeak izateagatik. Zuzen jokatu dugu, eta hartutako konpromisoak betetzen ditugu. Espainiako Gobernuak emandako hitza bete du. Berdintasuna lehentasuna duen helburuetako bat da", esan du Jose Manuel Francok.
Erabakia posible izan da, Albert Soler Kirol Zuzendari Nagusiarekin, Emakumezkoen Futboleko Kluben Elkartearen, Espainiako Futbol Federazioaren eta LaLigaren arteko erabakiari esker, jakinarazi du Kirol Kontseilu Nagusiak.
"Emakumezkoen futbola profesionalizatzea beharrezkoa zen, eta erabaki arrakastatsua izango da. Munduko emakumezkoen txapelketa onena izango dugu, eta etorkizunerako oinarri tinkoak ezarriko ditugu kirol munduko eragile guztiekin akordioak sinatuta. Gaur hartutako erabakiak ateak irekiko dizkie beste kirol batzuen profesionalizatzeko prozesuei", gaineratu du Estatuko Idazkari Nagusiak.