Itxi

EURO 2020

Portugalek ondo ekin dio txapelketari, Hungaria mendean hartuta

A. B. E. | EITB Media

Leer en Castellano

Portugalgo selekzioak 0-3ko emaitzarekin lortu du garaipena taldehungariarraren aurka, Eurokopako F multzoko lehen jardunaldiko partidan.

Portugalg jokalariak, Guerreirok Hungariari sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE

Portugalek garaipena lortu du Hungariaren aurka (0-3) astearte honetan Budapesteko Puskas Arenan jokatu duen Eurokopako F multzoko lehen jardunaldiko partidan. Egungo txapeldunak ondo ekin dio EURO 2020 txapelketari.

Baloiaren jabe egin da Portugal hasieratik, eta laugarren minutuan izan du lehen abagunea; Gulacsi atezainak, ordea, Diogo Jotaren jaurtiketa gelditu du. Lau minutu beranduago, Jotak berak kanpora bidali du errematea. Jaun eta jabe izan da Portugal lehen zatian eta Gulacsi atezainak lan eskerga izan du. Neurketako 19. minutuan Hungariako atezainak aurkarien gola eragotzi du Cristiano Ronaldoren errematea desbideratuta. Geroago, selekzio portugaldarrak beste bi abisu eman ditu Bruno Fernandesen eta Cristiano Ronaldoren bidez, baina ezin izan dute hungariarren atea zulatu.

Hungariak lehen zatian izan duen abagune bakarra 36. minutuan iritsi da falta baten bidez, baina Szalairen errematea Rui Patricio atezainak gelditu du. Atsedenaldira iritsi orduko bi abagune argi izan ditu Fernando Santosek zuzentzen duen selekzioak: Diogo Jotaren jaurtiketa Gulacsi atezainak desbideratu du 40. minutuan, eta, bi minutu beranduago Cristiano Ronaldok atepean egin duen errematea kanpora joan da hungariarren ateko langaren gainetik.

Bigarren zatiaren hasieran Portugalek gola sartzeko aukera argia izan du, baina Hungariakop atezainak gola eragotzi du beste behin, Peperen erremateari erantzun bikaina emanda. Hungariaren erantzuna azkar iritsi da, Rui Patriciok gelditu duen Szalairen jaurtiketaren bidez. Hala ere, portugaldarrak jaun eta jeb izan dira bigarren zatian ere, eta abagune argiak sortzea kosta zaion arren, 68. minutuan, Gulacsi Hungariako atezainak beste gelditu on bat egin du, oraingoan Bernardo Silvaren jaurtiketa ona desbideratuta.

Portugal izan da nagusi partida guztian zehar, baina susto galanta eraman du 79. minutuan, Hungariak gola sartu baitu Schonen bidez, baina jokalari hungariarra jokoz kanpo egon  da baloia jaso duenean, eta epaileak gola baliogabetu du. Bost minutu beranduago, ordea, Portugalen gola etorri da; Bruno Fernandesek jokaldi ona egin du, pasea eman dio Guerreirori, eta honek gola sartu du (0-1), Gulacsi atezaina gaindituta.

Partidako lehen gola sartu eta hurrengo jokaldian, Fernando Santosek zuzentzen duen selekzioak bigarren gola sartu, eta neurketa erabakita utzi du: Orbanek falta argia egin dio area barruan Rafa Silvari, eta Cristiano Ronaldok 2-0ekoa jarri du markagailuan, penalti jaurtiketa sartuta. Gainera, 92. minutuan, Cristiano Ronaldok garaipena biribildu du Potugalen hirugarren gola sartuta (0-3).

Fitxa teknikoa:

0.- Hungaria: Gulácsi; Botka, Orban, Szalai A.; Lovrencsics, Kleinheisler (Sigér, 78. min), Nagy (Varga, 95. min), Schäfer (Nego, 65. min), Fiola (Varga, 88. min); Szalai A. eta Sallai (Schön, 77. min).

Hautatzailea: Marco Rossi.

3.- Portugal: Rui Patricio; Nelson Semedo, Dias, Pepe, Guerreiro; Danilo, William Carvalho (Sanches, 81. min), Bruno Fernandes (Moutinho, 89. min); Cristiano Ronaldo, Diogo Jota (Andre Silva, 81. min) eta Bernardo Silva (Rafa Silva, 71. min).

Hautatzailea: Fernando Santos.

Golak: 0-1, 84. min: Rapaël Guerreiro; 0-2, 87. min: Cristiano Ronaldo, penaltiz; 0-3, 92. min: Cristiano Ronaldo.

Epailea: Cüneyt Çakir (Turkia). Txartel horiak atera dizkie Orban (86. min) Hungariako jokalariari eta Dias (38. min) Portugalgo futbolariari.

Albisteak (4)