SmartBank Liga
Amorebietak Lezaman jokatuko ditu etxeko partidak
A. B. E. | EITB Media
Lezaman jokatzeko Ligaren oniritzia jaso du Bizkaiko klubak. Athleticen kirol-instalazioetako 2. zelaian jokatuko ditu Amorebietak SmartBank Ligako neurketak.
Amorebietak Lezaman jokatuko ditu SmartBank Ligako etxeko partidak. Klubak Ligaren oniritzia jaso du 2021-2022 denboraldiko neurketak Athleticen kirol-instalazioetako bigarren zelaian jokatzeko. Normalean Bilbao Athleticek eta emakumezkoen lehen taldeak jokatzen dute bertan.
Ligako arduradun teknikoak ekainaren 14an egon ziren Lezamako kirol-instalazioak aztertzen, eta Amorebietak bertan jokatzea onartu zuten. Ligak ekainaren 2an jakinarazi zion Zornotzako klubari, ezingo zuela Urritxen jokatu.
Athletici eskerrak eman dizkio Zornotzako klubak, Lezamako kirol-instalazioetan jokatzen uzteagatik, eta hasieratik eskaini dion laguntza eta babesagatik.
Gainera, Amorebietako Zuzendaritza Batzordeak klubeko bazkide eta jarraitzaileei jakinarazi die lanean ari direla Zornotzatik Lezamara joateko erraztasunak eman ahal izateko.