Euro 2020 (E multzoa)
Suediak Eslovakiari irabazi dio, penaltiz
L. E. A. | EITB MEDIA
Isak Realeko aurrelaria bere selekzioko onena izan da berriro eta berak eman du penaltia eragin duen pasea.
Suediak E multzoko sailkapena estutu du Eslovakiari 1-0 irabazita, bigarren zatian egindako joko hobeari esker.
Larunbateko Espainia-Polonia partidaren faltan, Janne Anderssonen taldea multzoko lider jarri da, lau punturekin, eslovakiarrek baino bat gehiago. Ondorioz, Espainiak presio handiagoa du sailkapena lehenbailehen lortzeko eta azken jardunaldira gainerako taldeen emaitzen mende ez egoteko.
Lehen 45 minutuak Eurokopa honetako eskasenak izan dira. Bi taldeek ez dira erasoan oso ondo aritu eta ez dute aukera argirik izan lehen zati osoan. Hasierako minutuetan Suedia apur bat hobeto aritu da, eta atsedenaldiaren atarian Eslovakiak izan du jokoaren kontrola.
Berdinketa ez zen emaitza ona Suediarentzat eta, ondorioz, bigarren zatian gogo gehiagoz atera dira erasora.
Dúbravka atezainak geldiketa ikusgarria egin dio Augustinssonen erremate bati eta hortik aurrera iritsi dira Suediaren minuturik onenak. Isak Realeko jokalaria protagonista izan da; bere jaurtiketa bat Skrinniarrek urrundu du, burukada arriskutsua egin du ostean eta atezainak gelditu ehin du, eta, azkenik, Quaisoni pasea eman dio eta epaileak penaltia adierazi du. Zigorra Forsbergek jaurti du 1 eta 0ekoa egiteko. Eslovakia erreakzionatzen saiatu da, baina ez du partida berdintzeko aukerarik izan.
Fitxa teknikoa:
1 - Suedia: Olsen; Lustig, Lindelof, Danielson, Augustinsson (Bengtsson, 88. min); Sebastian Larsson, Ekdal (Svensson, 88. min), Olsson (Claesson, 64. min), Forsberg (Krafth, 93. min); Isak eta Berg (Quaison, 64. min).
Hautatzailea: Janne Anderson
0 - Eslovakia: Dubravka; Pekarik (Haraslin, 65. min), Satka, Skriniar, Hubocan (Hancko, 84. min); Kucka, Koscelnik, Hrosovsky (Duris, min.84), Mak (Weiss, 77. min); Hamsik (Benes, 77. min) eta Duda.
Hautatzailea: Stefan Tarkovic
Golak: 1-0, 77. min: Forsberg (penaltiz).