Itxi

D multzoa (3. jardunaldia)

Ingalaterra, Kroazia eta Txekia final-zortzirenetara sailkatu dira

A. B. E. | EITB Media

Leer en Castellano

Ingalaterrako selekzioak 0-1eko emaitzarekin menderatu du talde txekiarra Eurokopako D multzoko 3. jardunaldian. Kroaziak 3-1 garaitu du Eskozia, eta, ondorioz, eskoziarrak kanpoan geratu dira.

Luca Modric (Kroazia), Eskoziaren aurka sartu duen gola ospatzen. Argazkia: EFE

Eurokopako D multzoa erabakita geratu da astearte honetan, hirugarren jardunaldiko partidak jokatu ostean. Ingalaterra, Kroazia eta Txekiar Errepublika final-zortzirenetan egongo dira; ingelesak izan dira multzoko lehenak, kroaziarrak bigarrenak eta txekiarrak hirugarrenak. Eskozia kanporatuta geratu da.

Ingalaterrak garaipena lortu du Txekiar Errepublikaren aurka, 0-1eko emaitzarekin. Hasiera ona eman dio neurketari talde ingelesak, baina Sterlingen errematea zutoinera joan da lehen minutuetan. Pixka bat geroago, ordea, Manchester Cityko jokalariak ez du barkatu, eta gola sartu du (0-1). Golaren ostean, moteldu egin da neurketaren erritoa. Txekiar Errepublikak pare bat abagune izan ditu, baina jokalari txekiarrak ez dira Pickford atezaina gainditzeko gai izan. Bigarren zatia kaskarra izan da, ia abagunerik gabekoa. Azken txanpan, epaileak Hendersonen gola baliogabetu du, Ingalaterrako jokalaria jokoz kanpo zegoelako errematea egin duenean. Amaieran, ingelesak garaile.

Multzoko beste partidan Kroaziak eta Eskoziak neurtu dituzte indarrak. Vlasicek sartu du partidako lehen gola (1-0), 16. minutuan, eta McGregorrek banakoa jarri du markagailuan (1-1), 42. minutuan. Bigarren zatian, Kroazia nagusi izan da, eta Modricek garaipena bideratu du 2-1ekoa sartuta. Neurketako 77. minutuan, Persicek sartu du gola (3-1), eta markagailuak ez du aldaketarik izan. Ondorioz, Kroazia nagusitu da.

Albisteak (3)