EURO 2020
Espainia Eurokopako finalerdietan da Suitzari penaltietan irabazita
A. B. E. | EITB Media
Espainiako selekzioak Eurokopako finalerdiak jokatuko ditu, final-laurdenetan Suitza kanporatu ostean. Penalti jaurtiketetan Unai Simon eta Oyarzabal izan dira izarrak.
Espainiako selekzioak Eurokopako finalerdietarako txartela lortu du ostiral honetan, final-laurdenetako partidan Suitza mendean hartuta, penaltien jaurtiketetan.
Norgehiagokaren hasiera parekatua izan da, bi taldeei abaguneak sortzea kosta egin zaielarik. Hala ere, zortzigarren minutuan, Jordi Albak area kanpotik jaurtiketa egin, eta baloia sare barrura sartu da Zakariarengan jo ostean (0-1).
Espainiak gola sartu ostean, neurketaren gidoia ez da aldatu. Talde espainiarra izan da baloiaren jabe, baina Suitzak ondo eutsi dio, estutasunik pasa gabe. Suitzako selekzioan, ordea, Embolok min hartu du 20. minutuan, ezin izan du jokatzen jarraitu, eta Vargasek ordezkatu du.
Azpilucuetaren erremate bat izan da Espainiaren abagune onena atsedenaldira iritsi baino lehen, eta Suitzaren erantzuna Widmerrek kanpora bota duen erremate baten bidez heldu da. Dena den, ez da gol gehiago egon lehen zatian.
Bigarren zatiak erritmo biziagoa izan du. Dani Olmok izan du lehen abagunea, bina Sommer atezainak gelditu du jokalari espainiarraren jaurtiketa. Pixkanaka, Suitza nagusitzen hasi da, eta gola gertu izan du 56. minutuan; Zakariaren errematea, ordea, kanpora Joan da, oso gutxigatik. Erasora jotzen jarraitu du selekzio suitzarrak, eta Unai Simonek gola eragotzi du 64. minutuan, gelditu bikaina eginda. Suitzaren ekinak saria jaso du 68. minutuan; Laporteren eta Pau Torresen artean huts egin dute, baloia Freulerri iritsi zaio, honek pasea eman du area barruan, eta Shaquirik banakoa (1-1) jarri du markagailuan.
Neurketa berdinduta iritsi da azken hogei minutuetara, baina Suitzari maldan gora jarri zaio, Freulerrek txartel gorria ikusi baitu 77. minutuan. Suitzako jokalariak falta egin dio Gerard Morenori, baina txartel gorria gehiegizko zigorra izan da. Epaileak bere erabakia berretsi du, eta talde suitzarra jokalari bat gutxiagorekin geratu da. Espainia saiatu da jokalari bat gehiago izatearen abantaila baliatzen, baina ez du gola sartzeko aukera argirik sortu, eta partidak luzapena behar izan du irabazlea erabakitzeko.
Gerard Morenok izan du Espainiarentzat gola sartzeko aukera luzapeneko bigarren minutuan, nahiz eta area barruan egin duen errematea kanpora joan zaion. Ondoren, Jordi Albak egin du saiakera area kanpotik egindako jaurtiketaren bidez, baina Sommerrek desbideratu egin du. Espainia izan da jaun eta jabe, eta hainbat abagune izan ditu. Sommer, ordea, bikain ibili da, eta erantzun bikainak eman dizkie Gerard Morenoren eta Oyarzabalen jaurtiketei, Espainiaren golak eragotziz.
Luzapeneko bigarren zatian hainbat abagune izan ditu Espainiak. Hala ere, Luis Enriquek zuzentzen duen taldea ez da aurkariaren ate aurrean asmatzeko gai izan. Gola gertu izan dute Oyarzabalek, Gerard Morenok eta Dani Olmok, baina ezin izan dute Sommer gainditu. Ondorioz, penalti jaurtiketen biez erabaki da neurketa.
Unai Simon atezainak atezainak bi penalti gelditu ditu; Akanjiri eta Scharri, konkretuki. Espainiaren aldetik, Busquetsek eta Rodrik huts egin dute. Suitzak beste penalti bat ere huts egin du, Vargasek langa gainetik kanpora bidali duena. Gabranovicek sartu du suitzarren gol bakarra. Gerard Morenok eta Dani Olmok ez dute barkatu hamaika metroetatik, eta Oyarzabalek finalerdietarako txartela eman dio Espainiari, bosgarren penalti jaurtiketa sartuta.
Fitxa teknikoa:
1 (1) - Suitza: Sommer; Elveldi, Akanji, Ricardo Rodriguez; Widmer (Mbabu, 101. min), Freuler, Zakaria (Scharr, 101. min), Zuber (Fassnacht, 92. min); Shaqiri (Sow, 81. min), Seferovic (Gavranovic, 82. min) eta Embolo (Vargas, 23. min).
Hautatzailea: Vladimir Petkovic.
1 (3) - Espainia: Unai Simon; Azpilicueta, Laporte, Pau Torres, Jordi Alba; Busquets, Koke (91. min), Pedri; Sarabia (Dani Olmo, 46. min), Morata (Gerard Moreno, 54. min) eta Ferran Torres (Oyarzabal, 91. min).
Hautatzailea: Luis Enrique.
Golak: 0-1, min. 8: Zakaria, en propia puerta. 1-1, min: 68: Shaqiri.
Penaltiak: Busquets: huts (0-0). Gavranovic: gola (1-0). Olmo: gola (1-1). Schar: huts (1-1). Rodri: huts (1-1). Akanji: huts (1-1). Gerard Moreno: gola (1-2). Vargas: huts (1-2). Oyarzabal: gola (1-3)
Epailea: Michael Oliver (ING). Txartel horiak atera dizkie Widmer (67. min) Suitzako jokalariari, baita Laporte (93. min) Espainiako futbolaria. Gainera, txartel gorria atera dio Freuler (77. min) Suitzako jokalariari.