Agur kapitaintzari
John Terry ez da aurrerantzean Ingalaterrako kapitaina izango
Erredakzioa
Ingalaterrako Federazioak adierazi duenez, Chelseako atzelariak kapitain kargua utzi beharko du, beraren kontrako arrazismo salaketak argitu arte.
John Terry Chelseako atzelariak ez du Ingalaterrako selekzioaren kapitaina izaten jarraituko, Federazioak ostiral honetan zabaldutako agiriak dioenez. Idatzian esaten denez, jokalariak "taldeko kapitaina izateari utzi behar dio, beraren kontrako salaketak argitu arte".
Ustez, Terryk Anton Ferdinand Queens Park Rangerseko jokalariari irain arrazistak esan zizkiolako etorri da neurria. Epaiketa uztailaren 9an egingo dute, Eurokopa amaitu bezain laster.
Kapitain kargua utziko duen arren, neurriak ez du ezarri Terry Ingalaterrako selekziotik at geratu denik. Izan ere, Fabio Capellok jokalaria deitu ahal izango du, otsailaren 29an Holandaren kontra aritzeko eta Eurokopan jokatzeko.