Kontratu deuseztapena
Shimizu S-Pulse futbol taldeak Miguel Angel Lotinaren kontratua eten du
I. G. | EITB MEDIA
Emaitza txarrek Japoniako lehen mailako (J-League 1) 16. postuan kokatu dute euskal entrenatzailearen kluba, jaitsiera gunetik gertu.
Shimizu S-Pulse Japoniako futbol taldeak Miguel Angel Lotinaren kontratua deuseztatu du entrenatzaile gisa, azken bost partidetan lau porrot jaso ostean.
Lotinaz gain, Ivan Palanco Santiago orain arteko bigarren entrenatzaileak eta Toni Gil Puerto prestatzaile fisikoak ere utziko dute taldea, Shimizu S-Pulse taldeak komunikatu labur batean adierazi duenez.
Hiroaki Hiraoka (taldeko jokalari ohia) izango da entrenatzaile berria. Emaitza txarren ostean, Japoniako lehen mailako (J-League 1) 16. postuan kokatu da kluba, jaitsiera postuetatik gertu, denboraldia amaitzeko lau partida falta direnean.
Shimizu S-Pulse taldea jaitsiera postuetatik bi postura dago, 34 partidatan 7 garaipen, 11 berdinketa eta 16 porrot lortuta.
Hiraokak aurreko denboraldi amaieran hartu zuen behin-behineko entrenatzaile kargua, Peter Cklamovski australiarrak taldea utzi zuenean.
Lotina denboraldi honen hasieran izendatu zuten entrenatzaile, Cerezo Osaka Japoniako taldean teknikari bezala bi urte eman ostean. Aurretik, Tokyo Verdy talde japoniarrean aritu zen.