2022-2023 denboraldian
Emakumezkoen futbol liga profesionala abian jartzeko estatutuak onartu dituzte
EITB Media
Kirol Kontseilu Gorenak onartu egin ditu emakumezkoen mailako futbol liga profesionala sortzeko estatutuak. Datorren denboraldian, 2022-2023an, sortuko da txapelketa zuzenduko duen erakunde berria.
Kirol Kontseilu Gorenak astelehen honetan, martxoaren 14an, onartu ditu emakumezkoen futbol liga profesionala abian jartzeko estatutuak. 2022-2023 denboralditik aurrera, erakunde berri batek zuzenduko du txapelketa.
"Historia egingo dugula esateko moduan gara. Jokalariekin batera ospatu nahi dugu gure herrialdeko kirolarentzat oso garrantzitsua den gertaera hau. Emakumezkoen futbol liga profesionala errealitatea da jada. Gobernuaren nahia da emakume batek liga profesionala zuzentzea", adierazi du Jose Manuel Franco Kirol Kontseilu Goreneko presidenteak.
Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidentea ere pozik azaldu da estatutuak onartu ostean: "Gure arauak betetzen diren artean, aurrerapausoak ematen saiatuko gara. Emakumeak eta gizonak bat eginda egon gaitezen aldarrikatu nahi dugu, ez soilik kirolean, baita gizartean ere".
Sheila Elorza Eibar taldeko jokalariarentzat, martxoaren 14a "egun historikoa da". Zaratamokoak esan du, denbora asko daramatela futbol liga profesionala eratzeko borrokatzen, eta azkenean helburua lortu egin dutela. Aurrerapauso hau, etorkizunean beste kirol batzuentzat eredugarria eta lagungarria izatea espero du Elorzak.