Itxi

Azken bi jardunaldiak

Mallorca Europako postuetara gerturatu da eta Rayo, jaitsierakoetara

Erredakzioa

Caparrosek zuzentzen duen taldeak puntu bakarrera du sailkapeneko seigarren postua. Vallecasekoek, ordea, salbazioa gero eta zailago dute Zaragozarekiko hiru puntuko abantaila daukaten arren.

Mallorca Europa Leagueko postuetara gerturatu da Rayo Vallecanori irabazita. Argazkia: EFE

BBVA Ligako 2011-2012 denboraldia bukatzeko bi jardunaldi besterik ez dira geratzen eta Real Madril txapelduna dela eta Bartzelonak bigarren postuan bukatuko duela alde batera utzita gauza asko erabakitzeke daude oraindik.

Txapeldunen Ligara sailkatzeko lehian Valentziak du abantaila hirugarren postuan baitaude 58 punturekin. Laugarren postua Malagarentzat da. Momentuz, andaluziarrak Champions postuetan daude 55 punturekin. Europa Leagueko postuetan dagoen Levantek (bosgarren sailkatua) 52 puntu ditu eta Malagarekin lehian arituko da postu hori eskuratzeko. Atletico Madrilek zailago du laugarren postua eskuratzea; koltxoneroak seigarren postuan daude 50 punturekin. Zail dute Simeoneren mutilek, baina matematikoki posible ere.

Azken jardunaldietan bikain dabilena eta isil-isilik goraka egin duena Mallorca izan da. Joaquin Caparrosek zuzentzen duen taldea zazpigarren postuan dago 49 punturekin eta puntu bakarrera du Europa League jokatze baimanea ematen duen postuan dagoen Atletico Madril. Mallorcaren atzetik Athletic dago zortzigarren eta Osasuna bederatzigarren 48na punturekin. Europa Leaguea jokatzeko posturen bat eskuratzeko aukera matematikoak dituzte oraindik 46na punturekin dauden Getafek, Betisek eta Sevillak. Espanyolek ia ezinezkoa du Europan sartzearen helburua, 45 puntu baititu.

Sailkapenaren behealdetik gauzak oso estu daude. Racing da matematikoki maila galduta duen talde bakarra. Hala ere, Sportingek oso zail du mailari eustea. Talde asturiarrak 34 puntu ditu eta salbazioa sei puntura dauka. Ez daude matematikoki jaitsita Rayorekin averagea alde dutelako.

Salbazio horretara gerturatu dena Zaragoza izan da. Aragoiko taldea Rayo Vallecanorengandik hiru puntura dago eta sei geratzen dira jokoan. Kasu honetan, madrildarrek alde dute averagea. Vila-real ere ezin daiteke erlaxatu jaitsiera lau puntura baitaukate Castellokoek. Salbazio lortzeko errazen duena Granada da. Andaluziarrak ez daude matematikoki salbatuta, baina zaila dirudi dauzkaten 42 puntuekin maila galtzea.