Oharra
Euskadiko Futbol Federazioak "ez dio uko egingo" Euskal Selekzioaren ofizialtasunari
EITB Media
Federazioak ohar baten bidez adierazi du, ofizialtasunerako urratsak ematen jarraituko duela FIFAren eta UEFAren ezezkoak jaso dituen arren.
Euskadiko Futbol Federazioak Euskal Selekzioaren ofizialtasuna lortzeko pausoak ematen jarraituko du UEFAren eta FIFAren ezezkoak jaso dituen arren, asteazken honetan (maiatzak 11) ohar baten bidez jakinarazi duenez.
"Legegintzaldi honetarako ezarri dugun helburua lortzeko lanean jarraituko dugu, hau da, Euskal Selekzioaren ofizialtasunerantz pauso sendoak ematea, lankidetzatik eta adostasunetik abiatuta", adierazi du Javier Landeta Euskadiko Futbol Federazioko presidenteak.
Landetak agerraldia egin du asteazken honetan Eusko Legebiltzarrean: "Lana zaila da. Nire funtzioak eta eskumenak gainditzen ditu, baina lanean jarraituko dugu". Gainera, Euskadiko Futbol Federazioko presidenteak mezu hau bidali die Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoei: "Zuek zarete helburua lortzen lagunduko duten urratsak eman behar dituzuenak. Hori egiteko gai bazarete eta aldeko baldintza soziopolitikoak lortzen badituzue, berriro aurkez ditzakegu bi eskaerak".