Finalissima 2022
Argentina Finalissimako txapeldun, Italia mendean hartuta
EITB Media
Argentinako selekzioak 0-3ko emaitzarekin irabazi dio Italiari Wembley estadioan jokatu den Amerika Kopako eta Eurokopako txapeldunen arteko lehia.
Argentina da Finalissimako txapelduna, asteazken honetan (ekainak 1) Londreseko Wembley estadioan jokatu den partidan Italiari 0-3ko emaitzarekin irabazi ostean.
Amerika Kopako eta Eurokopako txapeldunen arteko lehian argentinarrak nagusitu dira. Hego Amerikako selekzioak Europakoak baino gogo gehiagorekin hartu du FIFAk antolatu duen neurketa. Argentina hobeto zelairatu den arren, lehen abaguneak Italiak izan ditu, baina italiarrek ezin izan dute aurkariaren atea zulatu. Norgehiagokako 28. minutuan Lautaro Martinezek gola sartu du Argentinarentzat (0-1). Ordutik aurrera nagusi izan da Argentina eta partida atsedenaldira iritsi aurretik Di Mariak 0-2koa jarri du markagailuan.
Bigarren zatian jaun eta jabe izan da Argentina. Italia ezinean ibili da. Donnarumma Italiako atezainak gelditu bikainak egin ditu aurkariaren golak saihestuz, eta abagune argiak izan dituzten arren, aurrelari argentinarrak ez dira fin ibili aurkariaren ate aurrean. Hala ere, azken minutuan Dybalak Argentinaren garaipena biribildu du, hirugarren gola sartuta (0-3).
Fitxa teknikoa:
0 - Italia: Donnaruma; Emerson (Bastoni, 77. min), Chiellini (Lazzari, 46. min), Bonucci, Di Lorenzo; Pessina (Spinazola, 62. min), Barella, Jorginho; Raspadori, Bernasdeschi (Locatelli, 46. min) eta Belotti (Scamacca, 46. min).
3 - Argentina: Martinez; Romero (Pezzella, 85. min), Molina, Otamendi, Tagliafico; Rodríguez, De Paul (Palacios, 76. min), Lo Celso (Dybala, 91. min); Messi, Di Maria (Gonzalez, 91. min) eta Martinez (Alvarez, 85. min).
Golak: 0-1. Martinez, 28. min, 0-2. Di María, 46. min. 0-3. Dybala, 93. min.
Epailea: Piero Maza. Txartel horiak atera dizkie Bonucci (39. min), Di Lorenzo (72. min) eta Barella (77. min) Italiako jokalariei, baita Otamendi (23. min) Argentinako futbolariari.