TXAPELDUNEN LIGA
Manchester Cityk, Real Madrilek eta PSGk sendo ekin diote Txapeldune Ligari
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Chelseak eta Leipzigek galdu egin zuten, eta horrek euren entrenatzaileak kargutik kentzea eragin du, Thomas Tuchel eta Domenico Tedesco, hurrenez hurren.
Erling Haaland aurrelari norvegiarra, bi golekin, Manchester Cityren garaipen sendoaren (0-4) gidaria izan zen Txapeldunen Ligako aurtengo estreinaldian, garaipen argia erdietsi baitzuen Ramon Sanchez-Pizjuan futbol-zelaian Sevillaren aurka.
Real Madrilek, bere aldetik, berezkoa duen eraginkortasun ezaguna erabili zuen bere tituluaren defentsaren estreinaldia aurrera ateratzeko, Celticen aurka 0-3ko emaitza argia lortuta. Eskoziarrek markagailuak islatu zuena baino zailtasun gehiago sortu zizkieten madrildarrei; gainera Karim Benzema aurrelaria lesionatu egin zen.
Paris Saint-Germaini dagokionez, garaipen sendoa lortu zuen Juventusen aurka Kylian Mbappek sartutako bi golei esker (2-1) eta Borussia Dortmundek Kopenhage jipoitu zuen (3-0).
Txanponaren beste aldean, Chelseak galdu egin zuen Dinamo Zagreben etxean (1-0), eta emaitza horrek Thomas Tuchel entrenatzailearen kargugabetzea eragin du. Gauza bera gertatu da Domenico Tedesco italiarrarekin, Leipzigek Txapeldunen Ligan Shakhtar Donetsken aurka 1-4 galdu ostean.
Lehen jardunaldiko emaitzak:
E multzoa:
Dinamo Zagreb – Chelsea (1-0)
Salzburg – Milan (1-1)
F multzoa:
Leipzig – Sahktar Donetsk (1-4)
Celtic – Real Madril (0-3)
G multzoa:
Dortmund – Kopenhage (3-0)
Sevilla – Manchester City (0-4)
H multzoa:
PSG – Juventus (2-1)
Benfica – Maccabi Haifa (2-0)