Federazio Kopa
Real Unionek Errege Koparako txartela lortu du Terrasa mendean hartuta
EITB Media
Irungo taldeak 1 eta 0 irabazi dio Kataluniakoari Stadium Galen jokatutako Federazio Kopako final-laurdenetako partida, txapelketako finalerdietara sailkatu da eta Errege Kopan lehiatzeko aukera izango du.
Real Unionek Errege Kopa jokatzeko txartela eta Federazio Kopako finalerdietarako sailkapena lortu ditu asteazken honetan (urriak 12) Terrasaren aurka garaipena erdietsita (1-0) Stadium Galen.
Euskal taldeak mendean hartu du Kataluniakoa Federazio Kopako final-laurdenetan eta txapelketa horretako finalerdietara sailkatzen diren lau taldeek Errege Kopa jokatzeko saria jasotzen dute; beraz, hantxe egongo da Real Union.
Irungo taldeak 73. minutuan sartu du norgehiagokako gol bakarra Antonio Montororen bidez. Jokaldia polemikoa izan da Real Unionek 1 eta 0ekoa sartu duenean bi baloi egon baitira berdegunean; hala ere, epaileak ontzat eman du gola eta Real Unionek eskuratu du garaipena.