Santander Liga
Real Madrilek garaipena eskuratu du Bartzelonaren aurka (3-1)
A. B. E. | EITB Media
Klasikoa irabazi du Madrilgo taldeak, 3-1eko emaitzarekin. Benzema, Valverde eta Rodrygo izan dira Real Madrileko golegileak; bestalde, Ferran Torresek sartu du Bartzelonarena.
Real Madrilek garaipena eskuratu du Bartzelonaren aurka 3 eta 1 igande honetan (urriak 16) Santiago Bernabeun jokatu den Santander Ligako 9. jardunaldiko partidan.
Real Madril - Bartzelona partidako golak eta laburpena
Partidaren hasieran Real Madril izan da baloiaren jabe eta Viniciusek hurbil izan du zazpigarren minutuan, baina brasildarraren errematea kanpora joan da aurkari bat jo ostean. Bost minutu beranduago, aldiz, Real Madrilek ez du barkatu; Ter Stegenek baloia desbideratu du Viniciusekin izan duen buruz burukoan, baina, aldaratzea jasota, Benzemak 1-0ekoa jarri du markagailuan.
Barçaren erantzuna 25. minutuan iritsi da Lewandowskik atepean gora bota duen errematea. Momentu onak izan ditu Bartzelonak hurrengo minutuetan, baina Madrilgo taldeak ondo eutsi dio, eta jokaldi on baten ostean, Valverdek gola sartu du (2-0) 35. minutuan area kanpotik egin duen jaurtiketa on baten bidez.
Atsedenaldira heldu aurretik, Barçak pare bat abagune izan ditu: De Jong eta Lewandowski, ordea, ez dira fin ibili aurkariaren ate aurrean.
Bigarren zatiko bosgarren minutuan, Benzemak gola sartu duen arren, epaileak baliogabetu egin du frantziarra jokoz kanpo egon delako baloia jaso duenean. Ondoren, kontrolpean izan du neurketa Real Madrilek.
Azken txanpan, Bartzelonak jokoa hobetu, eta erasora jo du. Xavi Barçako entrenatzaileak Gavi, Ansu Fati eta Ferran Torres zelairatu dituenean iritsi da Kataluniako taldearen hobekuntza. Gainera, Ferran Torresek desabantaila murriztu du (2-1) 83. minutuan Ansu Fatiren pasea jaso, eta Lunin atezaina gaindituta.
Gola sartu ostean, Bartzelonak berdinketaren bila jo du, baina Real Madril ondo ibili da defentsako lanean. Luzapenean, Valverdek kontraerasoa gidatu, Rodrygori pasea eman, eta Eric Garciak penaltia egin dio brasildarrari. Rodrygok partida erabakita utzi du, penaltiz 3-1ekoa sartuta.
Fitxa teknikoa:
3 - Real Madril: Lunin; Carvajal (Carvajal, 88. min), Militao, Alaba, Mendy; Tchouameni, Kroos, Modric (Camavinga, 78. min); Fede Valverde, Vinicius (Rodrygo, 85. min) eta Benzema (Marco Asensio, 88. min).
1 - Bartzelona: Ter Stegen; Sergi Roberto, Kounde, Eric Garcia, Balde (Jordi Alba, 60. min); Pedri (Kessie, 83. min), Busquets (Gavi, 60. min), De Jong; Raphinha (Ferran Torres, 60. min), Dembele (Ansu Fati, 73. min) eta Lewandowski.
Golak: 1-0, 12. min: Benzema. 2-0, 35. min: Fede Valverde. 2-1, 83. min: Ferran Torres. 3-1, 91. min: Rodrygo, penaltiz.
Epailea: Jose Maria Sanchez Martinez. Txartel horiak atera dizkie Vinicius (30. min) eta Modric (75. min) Real Madrileko jokalariei, baita Gavi (81. min) eta Kessie (92. min) Bartzelonako futbolariei.