Polonian eta Ukrainan
Gaur hasiko da 2012ko Eurokopa
Erredakzioa
Espainiako selekzioa titulua eskuratzeko faborito nagusia da. Del Bosqueren mutilen aurkari gogorrenak Alemania eta Herbehereak izango dira.
Poloniako eta Ukrainako Eurokopa ostiralean, ekainaren 8an, hasiko da. Txapelketa irabazteko faborito nagusia Espainia da, 2010eko Munduko Txapelketa eta 2008ko Eurokopa eskuratu baititu azkenengo lau urteetan. Vicente Del Bosqueren mutilek faborito izatearen presioarekin jokatu beharko dute, eta finalera heltzeko aurkari gogor asko kanporatu beharko dituzte.
Eurokopako beste faborito nagusiak Alemania eta Herbehereak dira. Joaquim Lowren taldea Europako txapeldunordea da. Alemaniako jokalari gehienak gazteak dira, eta euren taldeetan arrakasta handia izaten ari dira. Bestalde, Herbehereetako selekzioak Hegoafrikako Munduko Txapelketa galdu zuen Espainiaren aurka, eta titulua lortzeko gogoz helduko da Eurokopara. Talde laranjak Munduko Txapelketako blokea mantentzen jarraitzen du.
Ingalaterra, Frantzia eta Italia ere kontuan hartzeko taldeak izango dira. Capellok entrenatzaile kargua utzi arren, Ingalaterra gogotsu helduko da txapelketara. Hala ere, jokalari garrantzitsu batzuk lesionatu egin dira (Cahill eta Lampard), eta Roy Hodgsonen mutilek maila onena erakutsi beharko dute. Frantziak urte kaskarrak daramatza, eta Blancen mutilek finalera heltzea izango dute helburu. Italiak esperientzia handiko jokalariak eta jokalari gazteak eramango ditu Eurokopara, baina inork ez daki urdinek maila emango duten ala ez.
Aurreneko norgehiagoka ostiralean, 18:00etan, jokatuko dute Poloniak eta Greziak (Poloniako Narodowy estadioan), eta 20:45ean Suedia eta Txekiar Errepublika arituko dira nor baino nor gehiago (Bratislavako estadioan).