Bere azken partida etxean
Piquek agur hunkigarria jaso du Camp Noun
A. B. E. | EITB Media
Gerard Piquek futbola utziko zuela iragarri zuen azaroaren 3an, eta bi egun beranduago bere azken partida jokatu du Camp Noun. Hasierako hamaikakoan egon da Almeriaren aurkakoan eta Barçak irabazi egin du. Kataluniako jokalariak 83. minutuan utzi du berdegunea, zaleen txalo-zaparrada jasota.
Gerard Pique Bartzelonako jokalariak bere azken partida jokatu zuen Camp Noun azaroaren 5ean Almeriaren aurkako Santander Ligako 13. jardunaldian. Barçak irabazi egin zuen, 2-0eko emaitzarekin.
Piquek azaroaren 3an iragarri zuen futbola utziko zuela, eta bi egun beranduago hasierako hamaikakoan egon zen Almeriaren aurkako lehian. Kapitainaren besokoa jantzi zuen, eta maila ona eskainita 83. minutuan aldatu egin zuen Xavi Hernandez entrenatzaileak; hala, Piquek zaleen txalo-zaparrada artean utzi zuen berdegunea.
Partida amaitu ostean, taldekideek airatu egin zuten, eta hitzaldi hunkigarri batekin agurtu zen; negar malkoak ere isuri zituen Piquek.
Gainera, ohorezko bira eman zuen Camp Noun, zaleei agur esateko.
Erdiko defentsa kataluniarrak agur esan dio Barçari 14 urte t'erdiren ostean. Almeriaren aurkakoaren ostean, guztira 616 partida ofizial jokatu ditu Piquek Bartzelonarekin, eta klubaren historian neurketa gehien jokatu dituen defentsa da. Gerard Pique duela 25 urte iritsi zen Bartzelonaren harrobira. Manchester Unitedek fitxatu zuen lehen talderako, eta, Zaragozan ere jokatu zuen utzita. Bartzelonarekin 30 titulu bereganatu ditu.
Gerard Piquek Barçarekin duen palmaresean agertzen dira: 4 Txapeldunen Liga, 8 Espainiako liga, 7 Errege Kopa, Premier League 1, Community Shield 1, Ingalaterrako Ligako Kopa 1, 3 Kluben Munduko Txapelketa, 3 Europako Superkopa, 6 Espainiako Superkopa, Audi Cup 1 eta 6 Gamper.
Gainera, Gerard Piquek 2010eko Munduko Txapelketa eta 2012ko Eurokopa irabazi zituen Espaniako selekzioarekin.